Mundua -
Gerra zibila Libian
Gadafiren indarrek operazio militarrak etengo dituzte larunbatean
Libiako Jana agentzia ofizialak jakinarazi duenez Gadafiren tropek larunbat gauerdian operazio militarrak etetea erabaki dute. Gadafik Misrataren kontrola duela dio, errebeldeek ukatu egin dute.
Erredakzioa
Libiako Defentsa Batzordeak larunbat gauerdian errebeldeen kontrako operazio militarrak bertan behera uztea erabaki du, hala jakinarazi du Jana agentziak.
Agentziak ez du erabaki horren inguruan berri gehiago eman.
Azken egunetan borrokek indarra hartu dute eta NBEk horren inguruan egindako eskaerekin erlazionatuta egon daiteke Gadafiren erregimena operazio militarrak eteteko hartu duen erabakia.
Abdelilah al Jatib Jordaniako Kanpo Harremanetarako ministroa Tripolin izan da orain egun gutxi NBEk bidalita eta bi aldeko ordezkariei borrokak eteteko eskatu die. Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak ere asteazkenean zibilen heriotzekin amaitzeko eskatu zion Libiako erregimenari.
NBEk gaur arratsaldean bozkatuko dute hain zuzen Libian segurtasuneko aire eremua onartu ala ez. Misrata Gadafiren esku
Libiako telebistak adierazi duenez Muamar Al Gadafik Misrata hiriaren kontrola eskuratu du, baina errebeldeek informazio hori gezurtatu dute.
Telebista katearen arabera, Misrata koronelaren aldeko tropen menpe dago eta une honetan errebeldeak "desagertarazten ari dira".
Gadafiren tropak Benghazi kanpoaldera ailegatu direla ere jakinarazi du libiako kate nazionalak. Gainera Ajdabiya iparraldean dagoen Zueitina portuaren kontrola ere bereganatu dutela dio. Beste iturri batzuen arabera, tiroak eta eztandak entzun dira Benghaziko aireportuan.
Elkarrizketa "Le Figaro" egunkarian
Frantziako "Le Figaro" egunkariak Gadafiri egindako elkarrizketa dakar gaur. Libiako agintariak bertan dio "indarra erabiliko bagenu egun bakar batean lortuko genuke lurralde osoaren kontrola". Baina euren helburua "hiriak inguratu edota bitartekariak bidalita errebeldeek apurka apurka armak uztea" dela gaineratu du.
Gadafiren ustez Libiaren kontrako konplota dago eta herriak konplot hori zapaldu behar duela adierazi du.