Mundua -
Istiluak
Bahraingo Poliziak Perla plaza hartu eta manifestariak bota egin ditu
Liskarretan bost lagun hil direla jakinarazi dute zenbait iturrik. Bahraingo agintariek etxeratze-deia ezarri dute eta manifestaldiak debekatu dituzte.
Erredakzioa
Bahraingo segurtasun indarrek Perla plaza hartu dute gaur goizean, Manaman. Manifestariak bertan izan dira, baina Poliziak bota egin ditu. Liskarretan bost lagun hil direla jakinarazi dute zenbait iturrik. Bestalde, Otsailak 14 gazte taldeak manifestazioak deitu ditu gaur arratsalderako Bahraingo hiriburuan.
Bitartean, Bahraingo agintariek etxeratze-deia ezarri dute herriko hainbat tokitan. Gaur hasiko da, eta neurriak 12 ordu iraungo ditu.
Horrez gain, manifestazio publikoak debekatu egin dituzte. Bahrain 760 kilometro karratuko herria da eta milioi bat biztanle ditu.
Tariq al Hassan Bahraingo Armadak bozeramaileak azaldu du Perla plazatik manifestariak atera dituztela, baita Salmaniya ospitaletik ere. Azken orduetan, manifestariak hiriburuko plaza horretan eta ospitalean kanpatuta izan dira.
Herritarrei "taldeak" ez egiteko eskatu die Armadak, "norberaren segurtasuna bermatzeko".