Mundua -
Iraultza Libian
Gadafiren semeetako bat: '48 ordutan dena bukatuta egongo da'
Bestalde, lau lagun hil dituzte gaur Muamar al Gadafiren aldekoek Misratako hiriaren aurka egindako bonbardaketan.
Erredakzioa
Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Batzordeak aire-eremua mugatzen badu ere, erabakia "berandu" datorrela esan du gaur Saif al Islamek (Muamar al Gadafi Libiako agintariaren bigarren semea). Horren hitzetan, erabaki hori hartzea alperrik izango da, izan ere, "48 ordutan dena bukatuta egongo da".
"Operazio militarrak bukatu egin dira", esan du Euronews telebista kateari esklusiban eskainitako elkarrizketan. Horren esanetan, matxinoak "alde egiten" hasi dira. Telebista-kateak gaur gauean eskainiko du elkarrizketa osoa, baina zati batzuk aurreratu ditu. Saif al Islamen arabera, ''jende asko'' Egiptorako bidean jarri da dagoeneko.
AEBekin, Erresuma Batuarekin eta Frantziarekin "harremanak" izan dituztenak dira ihesi doazenak, Gadafiren semearen iritziz.
Bestalde, lau pertsona hil dituzte gaur Muamar al Gadafiren aldekoek Misratan, Libiako hirugarren hiri handienean, egindako bonbardaketan. Muamar el Gadafiren hegazkinek Bengaziko aireportua bonbardatu dute, Faradj al Feyturi iraultzaileen koronelak jakinarazi duenez. Bengazi herrialdeko bigarren hiri handiena da eta iraultzaileen gotorleku ere bilakatu da.