Mundua -

Lurrikararen ostean

Fukushimako erreaktoreen arazoek kezka zabaldu dute Japonian

- 17 soldadutan erradioaktibitatea antzeman dute AEBek Japonian.

- Bigarren erreaktorean, nukleoa hoztea helburu duen ur-tanga bi metrotara arte betetzea lortu dute Fukushima-1eko langileek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Japonia borroka egiten ari da erlojuaren aurka, ostiralean jazotako 8,9 graduko lurrikararen ostean hondamendi nuklearra saihesteko helburuz.

Une honetan, alarma Fukushima-1 zentral nuklearrean dago. Izan ere, gaur goizaldean hidrogeno eztanda bat jazo da hirugarren erreaktorean, eta baliteke bigarrenean fusio partziala gertatu izana.

Yukio Edano Gobernuko bozeramailearen esanetan, hirugarren erreaktorearen edukiontziak ez dira kaltetu eztandaren ondorioz, baina NHK telebista-kateak iragarri du 11 langile zauritu direla.

Edanok gaineratu du isuri erradioaktiboaren arriskua txikia dela, baina Segurtasun Nuklearreko Agentziak adierazi du goizegi dela ezer baztertzeko.

Zentraletik 20 kilometroko eremu batean bizi direnei etxe barruan geratzeko dei egin diete agintariek, eta Shintaro Ishihara Tokioko gobernadoreak erradioaktibitate maila neurtzea agindu du.

Igande honetan, larrialdi zerbitzuek ura bota dute zentralaren hirugarren erreaktorean, larunbatean lehenengo erreaktorean gertatu zen fusioaren antzeko bat gertatzea galarazteko.

Arrisku gutxiago

Bigarren erreaktorean, nukleoa hoztea helburu duen ur-tanga bi metrotara arte betetzea lortu dute Fukushima-1 zentral nuklearreko langileek, Kiodo albiste-agentziak jakitera eman duenez.

Lehenxeago, Tokyo Electric Power enpresak jakinarazi duenez, erreaktoreko ur-tanga hutsik zegoen eta erregai-barrak berotzen has zitezkeen.

Barrak berotuz gero, fusioa gertatuko litzateke, eta epe luzean eztanda nuklearra. Are gehiago, enpresaren ustez, baliteke erreaktorearen nukleoan fusio partziala gertatu izana.

Ontziei Japoniako kostaldetik aldentzeko agindua eman diete AEBek

Japonia laguntzen ari diren 17 soldaduk positibo eman dute erradioaktibitate frogetan, baina "maila baxuetan", Pentagonoak jakitera eman duenez. Horregatik, Yokosukako basean diren ontziei Japoniako kostaldetik aldentzeko agindua eman diete.

Marinako ofizial batek jakitera eman duenez, soldaduak ondo daude, izan ere, kutsadura maila oso baxua zen eta urarekin eta xaboiarekin kendu dute.

Biktimen balantzea

Gutxienez 1.897 lagun hil eta beste 3.002 desagertu dira lurrikaran eta tsunamian, azken balantzearen arabera.

Hala ere, biktimen kopurua askoz handiago izan daitekeela uste dute, udalerritako agintariek milaka desagertuen eta hildakoen berri eman baitute.

5.000 biktima (hildako eta desagertu) izan direla jakinarazi du Kyodo albiste-agentzia lokalak, baina datu horiek ez ditu Gobernuak baieztatu. Bestalde, orain arte 15.000 lagun erreskatatu dituztela azaldu du Exekutiboak.

Minamisanriku herrian 9.500 lagun desagertu direla jakinarazi dute Miyagiko agintariek, hau da, udalerriko biztanleriaren erdia, baina gertuko herrietan babesa hartu izana ez dute baztertu.

Bien bitartean, 2.000 gorpu inguru topatu dituzte gaur Miyagi prefekturan, herrialdeko ipar-ekialdean.

6,2 graduko erreplika eta tsunami alerta

Bestalde, Richter eskalan 6,3 graduko erreplika bat gertatu da gaur Japoniako ipar-ekialdean, herrialde horretako Meteorologia Agentziak baieztatu duenez.

Dardara 15:13an (07:13 Euskadin) jazo da, eta epizentroa Ozeano Barean izan du, Miyagi eta Iwate probintzien aurrean.

Japoniako ipar-ekialdean ia 300 erreplika gertatu dira ostiraletik, eta astebetez gehiago egongo direla aurrez ikusi dute adituek.

Asteazkena arte, 7 gradu arteko erreplikak egoteko posibilitatea % 70ekoa da.

Halaber, agintariek tsunami alerta ezarri dute Ozeano Barean. Olatuak 3 metro artekoak izan litezke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea