Mundua -
Hondamendi naturala
Naoto Kan: 'Japoniako ezbeharrik handiena da II. Mundu Gerratik'
-Hiru zentral nuklear, Fukushima, Onagawa eta Tokai, alerta egoeran daude.
-Gobernuaren esanetan, erradiazio maila "sabeleko hiru erradiografia" egitea bezala da.
Erredakzioa
Japonia II. Mundu Gerratik izandako ezbeharrik handiena pairatzen ari dela adierazi du Naoto Kan Japoniako lehen ministroak.
Bitartean, adituen arabera, hurrengo asterako hainbat erreplika espero dituzte, batzuek zazpi graduko maila izan dezakete Richter eskalan.
Telebistan egindako agerraldian, Japoniak ezbeharrari nola egiten dion aurre oso garrantzitsua da, izan ere, etorkizuna erabat baldintzatuko du.
Hartutako lehen neurrietako bat, Tokyo Electric Power eta Tohoku Electric Power enpresei argindarra egunean hiru orduz mozteko baimena ematea izan da. Neurri hori astelehenetik indarrean izango da eta helburua lurrikarak eta tsunamiak kaltetutako eremuei argindarra bermatzea da.
Beste leherketa baten arriskua
Japoniako Gobernuak Fukushiman beste leherketa bat egon daitekeela iragarri du. Horrez gain, hiru dira dagoeneko hozte-sistema baten beharra duten erreaktoreak lurrikarak eragindako kalteen ondorioz. Onagawako eta Tokaiko zentraletan ere larrialdi egoera ezarri dute.
Yukio Edano ministro bozeramaileak adierazi duenez, Fukushimako 3. erreaktoreak hozteko arazoak ditu eta horrek nukleoa "desitxuratu" dezake. Erreaktoreak hozteko dituen arazoei erantzuteko, teknikariek lurruna kontrolpean botatzen eta ontzia itsasoko uraz eta azido borikoaz betetzen ari dira.
Erreaktorearen nukleoan gerta litekeen akats larrienetarikoa da fusioa; izan ere, nukleoan biltzen da erradiazio gehiena eta fusioak hori askatzea eragin lezake. Hala ere, Edanoren hitzetan, balizko leherketa batek "ez lituzke kalte larririk sortuko", ezta huste berririk ere.
"Sabeleko hiru erradiografia" bezala
Fukushimako zentralaren erradiazio mailak 500 mikrosievertako baimendutako muga gainditu du eta, egun, 1.557 mikrosiervetera iritsi da Japoniako 13:52 orduan (04:52 Greenwicheko meridianoaren orduan).
Egungo mailak "ez da osasunerako kaltegarria", Edanoren hitzetan. Gobernuaren esanetan, erradiazio maila "sabeleko hiru erradiografia" egitea bezala da.