Mundua -

Gerra zibila Libian

Bin Ladenekin bat egin lezakeela ohartarazi du Gadafik

Bestalde, Al Jazeeraren arabera, Gadafiren hiru hegazkin Egiptorako bidean abiatu dira. Horietako bat dagoeneko lurreratu da Kairon, eta barruan Armadako goi-kargudun bat zihoan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Muamar Gadafi Libiako buruak ohartarazi du herrialde "kolonialistek" terrorismo islamikoaren aurkako borrokan laguntzeari uzten badiote, Al Kaida ez dela izango "etsai komuna", eta beraz, bere erregimenak hartu-emanak izango dituela Osama Bin Ladenekin, "akordioak lortzeko".

"Nik ezin diot aurre egin nire herriari, hori herrialde kolonialisten [Frantzia, Erresuma Batua eta AEBak aipatu ditu] gezurra da", esan du La Chaine Info (LCI) telebista-kate frantziarrak egindako elkarrizketa batean.

"Haiek Bin Ladenen ekintzak pairatu dituzte, eta orain hau [matxinoen eta zibilen aurkako erasoak] Bin Ladenen aurkako erasoa dela aitortu beharrean, Libia kolonizatu nahi dute". "Konspirazio kolonialista da", gaineratu du.

"Al Kaida etsai komuna ez bada, bihar bertan Bil Ladenekin batzartu gaitezke harekin akordioak lortzeko. Gure lagun bihurtuko litzateke", egin du mehatxu.

Gadafiren tropak, Zawiyaren kontrola lortzetik gertu

Bien bitartean, Libiako diktadorearen tankeak Zawiya herriko erdigunetik kilometro eta erdira baino ez daude. Errepide nagusia eta auzoak kontrolpean dituzte jada, eta orain plaza nagusira bidean daude. Han, matxinoak zain daude.

"Tankeak ikusten ari gara, nonahi daude", adierazi du matxino batek, herriko erdigunetik bertatik.

Halaber, azaldu duenez, Gadafik frankotiratzaileak ditu herrian, eta etxetik ateratzen direnei tiro egiten ari dira.

"Pertsona asko hil dira eta ezin ditugu lurperatu. Zawiyak basamortua dirudi, ez dago inor kalean, ezta animaliak edo txoriak ere", deskribatu du.

Armadako goi-kargudun bat Egiptora joan da

Bestalde, Gadafiren hiru hegazkin pribatu Egiptoroko bidean atzeman dituzte arratsaldeko lehen orduan Maltako aire kontrolatzaileek, Al Jazeera telebista-kateak jakinarazi duenez.

Iturri horien arabera, hegazkinetako bat dagoeneko lurreratu da Kairon, eta barruan Libiako Armadako goi-kargudun bat zihoan. Antza denez, Egipton agintean dagoen batzorde militarreko buruarekin batzartuko da.

Dena dela, Egiptoko iturri ofizialek ez dute baieztatu hegazkina lurreratu izana ezta Gadafiren hegazkinik espero duten ere.

Al Jazeerak jakinarazi du hiru hegazkinak Tripolin aireratu direla gaur goizean, Vienarako, Atenaserako eta Kairorako bidean, baina ondoren plana aldatu eta hirurak Egiptoko hiriburura bidean joan direla.

Oraingoz ez dago argi nortzuk dauden hegazkinetan ezta zer helburu duten ere.

Espainiak baliogabetu egin ditu arma salmenta akordioak

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espaniako Gobernuko presidenteak iragarri du baliogabetu egn dituztela Libiara armak saltzeko akordioak. Esportazioa, baina, otsailaren 22tik blokeatuta zegoen, behin-behinean.

Nolanahi ere, Libiarekin hitzartutako akordioak iazko lehen hiruhilekoan defentsa produktuen merkataritzan irabazitako % 0,5 baino ez zuela ekarri azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea