Mundua -

Gerra zibila Libian

Nazioarteak esku har dezakeela ohartarazi dio Gadafiri NATOk

- Hala ere, momentuz operaziorik aurrikusita ez duela argi utzi du NATOk.

- Matxinoen aurka egindako ekintzengatik erantzun beharko dutela ohartarazi die Gadafiren jarraitzaileei Obamak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Populazio zibilari sistematikoki eraso egiten jarraitzen baldin badio, nazioarteak esku har dezakeela ohartarazi dio Muamar Gadafiren erregimenari Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusiak.

"Gadafik eta haren tropek sistematikoki populazioari eraso egiten jarraitzen baldin badiote, nazioartea begira geratuko denik ez dut pentsatzen", adierazi du Rasmussenek. Izan ere, NATOko idazkari nagusiaren ahotan, Libian ustez "Gizateriaren aurkako krimenak" egiten ari dira.

Era berean, momentuz Aliantzak operaziorik aurrikusita ez duela argi utzi du Rasmussenek. Soilik eskatzen baldin badiote eta NBEk agintzen badio bakarrik esku hartuko duela azaldu du idazkari nagusiak.

Egoera ezberdin posibleen aurrean egitasmoak egiten ari dira Aliantzako arduradun militarrek. Iragan astean prestakuntza horiekin modu formalago batean jarraitzeko agindua jaso zuten adituek.

Debekupeko aire-eremua

Egitasmo horien artean, Libian debekupeko aire-eremu bat ezar dezakete. Horrela, Gadafiren tropen bonbardaketak saihestu nahi dituzte herrialde batzuek.

Rasmussenek ez du ezer aurreratu izan nahi, baina Gadafiren erregimenaren erasoek jarraitzen baldin badute nazioartea zain geratuko ez dela argi utzi nahi izan du NATOko idazkari nagusiak.

Arabiar Ligarekin edo Afrikako Batasunarekin elkarrizketan jarraitzea oso garrantzitsua dela azpimarratu du Rasmussenek. Gainera, errepresioaren amaiera eskatu dio Tripoliri eta "trantsizio demokratiko" bati atea zabaltzeko herriarekin hitz egiten hastea eskatu dio Gadafiri NATOko idazkari nagusiak.

Erasoaldia Zawiyan

Bestalde, Zawiyako kontrola berriz bereganatzeko erasoaldia hasi dute gaur Gadafiren tropek, erbesteko oposizioko talde batek azaldu duenez. Zawiya Tripolitik 50 kilometrora dago eta matxinoen eskuetan dago.

Ben Yaudaden eta Ras Lanufen zazpi lagun hil eta beste 55 zauritu dira borroketan azken orduetan, Ajdabiyako ospitaleko iturri ofizialek jakitera eman dutenez.

Obama

Matxinoen aurka egindako ekintzengatik erantzun beharko dutela ohartarazi die Gadafiren jarraitzaileei Barack Obama AEBetako presidenteak. Bestalde, militarki esku hartzeko aukera aztertzen ari direla adierazi du Obamak.

Libiako matxinoei laguntza militarra emateko eskatu diote Saudi Arabiari AEBek, The Independent Britainia Handiko egunkariak jakitera eman duenez. Horrela, gatazkan zuzenean sartzea saihestuko lukete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea