Mundua -
Iruzkina
Tunisian eta Egipton ere saltsa dago
Manifestariek kaleak hartzen dituzte maiz, euren matxinada bahitzen utziko ez dutela gogorarazteko. Egipton sei hilabete inguru barru izango dira hauteskundeak eta uztailaren 24ean Tunisian.
Jesús Torquemada
Denok Libiara begira gaude orain, eta ia ahaztu egin zaizkigu gatazkaren pizgarri izan ziren bi herrialdeak: Tunisia eta Egipto. Hala ere, Tunisia eta Egipto oraindik albiste iturria dira. Horrenbeste urtez herrialde horietako presidenteak izan diren Ben Ali eta Mubarak joan dira, baina oraindik asko dago egiteke.
Trantsizioa hasi baino ez da egin eta oraindik ez dago argi zer gertatuko den han; benetako demokrazia ezarriko ote den, militarrak kuarteletara erretiratuko ote diren edota dena aurpegi garbitze hutsa izango ote den.
Manifestariek kaleak hartzen dituzte maiz, hor daudela eta ez dutela euren matxinada bahitzen utziko gogorarazteko.
Aste honetan protestan ari direnek bi garaipen sinboliko lortu dituzte: bi herrialdeetan lehen ministroek kargua utzi dute. Mohamed Ganuchi tunisiarra Ben Alik jarri zuen karguan eta Ahmed Shafiq berriz, Mubarakek. Dena den, behin-behineko Gobernu buru karguari eutsi zioten.
Oposizioak aldaketak lehenbailehen begi bistakoak izatea nahi du, hau da, lehengo agintariak kargugabetzea eskatzen du eta horregatik, egindako aldaketak ez dira eurentzako nahikoak.
Egipton ez dago argi oraindik noiz egingo dituzten hauteskundeak, baina sei hilabete inguru barru espero dira Tunisian, berriz, iragarri da dagoeneko, uztailaren 24ean batzar konstituziogilea osatzeko hauteskundeak izango direla.