Mundua -
Iraultza Libian
Borrokaldiak gero eta latzagoak dira Libian
- Armategi baten aurka egindako erasoan 32 lagun hil dira Bengasin.
- 30 zibil hil dira Zawiyan, Gadafiren tropek egindako erasoaldian.
- Gadafiren aurkako neurrien berri eman die poliziei Interpolek.
Erredakzioa
Ostiraleko otoitzaren ostean Muamar el Gadafiren erregimenaren aurkako protesta jardunaldi bat deitu dute matxinoek eta borrokaldiak gero eta latzagoak dira, batez ere Zawiyan (Tripolitik gertu) eta Ras Lanufen (ekialdean).
Oposizioko iturriek jakitera eman dutenez, ekialdeko matxinoek Ras Lanufeko portuan eraso egin eta aerodromoa eta koartel baten kontrola bereganatu dute.
Ras Lanuf Tripolitik 662 kilometrora dago eta Sirtetik 200 kilometrora. Gadafi Sirten jaio zen, eta erregimenaren menpe dauden oinarrizko hiru hirietatik bat da, Sabharekin batera.
Al Yaziraren arabera, matxinoek Hassan Uarbug komandantea galdu dute Zawiyan, Tripolitik 92 kilometrora. Era berean, matxino ugari hil dira Gadafiren soldaduei aurre egiten saiatu direnean. Gutxienez 30 zibil hil dira Zawiyan Gadafiren soldaduen erasoaren ondorioz, bi lekukok jakinarazi dutenez.
Bestalde, erregimeneko bozeramaile baten hitzetan, Gadafiren aldeko tropek Zawiyaren kontrola berreskuratzea espero dute, "behar bada gaur gauean bertan".
32 hildako Bengasin
Gainera, Bengasiko hirian, Gadafiren tropek armategi baten aurka egindako erasoan 32 lagun hil dira, Al Yazira telebistak jakinarazi duenez.
Interpol
Munduko polizia guztiei Gadafi eta beste 15 pertsonen aurkako nazioarteko neurrien berri eman die Interpolek. Pertsona horien artean, Gadafiren familia eta senideak aurkitzen dira.
Polizia erakundeak "alerta laranja" deitutako oharra 188 herrialderi bidali die, NBEren zigorren ezarpena errazteko eta Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiak martxan jarritako ikerketarekin batera lan egiteko.
16 pertsona horien aurkako aginduak eman ditu "populazio zibilaren aurka antolatutako erasoetan parte hartzeagatik, airetik egindako bonbardaketak barne".