Mundua -
Iraultza Libian
Gadafik petrolio-instalazio bat eta base militar bat bonbardatu ditu
- Erasoak Briga eta Ajdabiya herrietan egin dituzte diktadorearen tropek.
- Gutxienez 13 lagun hil dira Zawiyan.
- Tripoli eraso egingo dutela esan dute matxinoek.
Erredakzioa
Muamar al Gadafiren tropek eraso egin dute gaur berriz Briga eta Ajdabiya herrietan, herrialdearen ekialdean, hirugarren egunez jarraian, baina ez da biktimarik izan.
Brigan, erasoaren helburua petrolio-instalazio batzuk izan dira, oso garrantzitsuak baitira matxinoen esku dauden herrien argindar hornikuntzarentzat.
Aipatu iturrien arabera, hainbat boluntario abiatu dira Ajdabiyatik Brigara, herri hori defendatzera.
Ajdabiyan, gainera, base militar bati egin diote eraso diktadorearen tropek. Lekuko baten hitzetan, bonbek "basearen hormen ondoan" egin dute eztanda.
Atzo dolu-eguna izan zen Ajdabiyan, asteazkeneko erasoan hildako hamabi pertsonetako seiren hileta egin baitzuten.
Gadafi petrolio-ustiapenak dituzten herri horiei eraso egiten ari bada ere, oraindik ez ditu herriak indarrez hartzeko beste mertzenario mobilizatu, eta beraz, matxinoak nagusi dira oraindik bertan.
Gutxienez 13 lagun hil dira Zawiyan
Gutxienez 13 lagun hil dira Zawiyan, Libiako mendebaldean, Gadafiren Armadarekin izandako liskarretan, Sky News telebistako berriemaileak jakitera eman duenez.
Alde batetik, gutxienez hiru lagun hil eta beste 50 zauritu dira soldaduek Gadafiren aurka protestatzen ari ziren manifestarien kontra tiro egin dutenean. Manifestari gehienek ez zuten armarik. Zawiya oposizioko indarren eskuetan dago, baina Gadafiren Armadak inguratuta du.
Bestalde, gutxienez hamar matxino hil dira Gadafiren tropen aurkako borroketan.
Tunisiako muga
Libiatik ihes egiten ari diren lagunei Tunisiako muga zeharkatzen ez uztearen beldur da errefuxiatuentzako NBEaren goi-komisarioa (ACNUR). Mugako kontrol postuetan Gadafiren indarrak daudela jakitera eman dute gaur.
Erasoaldia Tripolin
Nazioarteak Libian debekupeko aire-eremu bat ezartzen duenean Tripoli eraso egingo dutela esan dute Gadafi boteretik kendu nahi duten matxinoek.
"Debekupeko aire-eremu bat aplikatzen baldin badute, hurrengo helburua Tripoli izango litzateke", adierazi du Abdula al Mahdi matxinoen bozeramaileak.