Mundua -
AFRIKA
Bertan behera gelditu da militar talde batek Gabonen egindako estatu kolpe saiakera
Ali Bongo presidentea Marokon dago egun, urrian jasandako iktusetik errekuperatzen. Militarrek irratiaren kontrola hartu dute, baina azkenean atxilotu egin dituzte.
AGENTZIAK
Afrikan, bertan behera gelditu da militar talde batek goizaldean Gabonen eman duten estatu kolpea. Estatuko irratiaren kontrola hartu eta "Berrezarpenerako Kontseilu Nazionala" ezarri dute. Azkenean, baina, atxilotu egin dituzte.
Guy-Bertrand Mapangou Gabongo Gobernuko bozeramaileak Radio France Internationale irrati kateari egindako adierazpenetan azpimarratu duenez, "egoera kontrolpean" dute eta guztia "bost militarren" kontua izan da. Antza denez, armadaren buru nagusiek ez zuten estatu kolpe saiakeraren berri eta armadako kide nagusiek egungo gobernua babestu dute.
Ordu batzuk lehenago, militar talde bat Estatuko irratian sartu da eta "Berrezarpenerako Kontseilu Nazionala" ezarri du. Bien bitartean, Ali Bongo presidentea Riad hirian (Maroko) dago egun, ustez, urrian jasandako iktusetik errekuperatzen. Geroztik, botere hutsunea dagoela salatu du oposizioak.
04:30ak aldera (bertako ordua) Estatuko irratian irakurri duen mezuan, Kelly Ondo Obiang militar talde horretako tenienteak Ali Bongoren osasun egoera ezbaian jarri du. Are gehiago, karguan jarraitzeko gai ote den zalantzan jarri du.
Agintari militarraren esanetan, Ali Bongo presidenteak bere Urte Berriko mezuan "zalantzak areagotu" zituen. Bere hitzaldian, osasun arazoak dituela onartu zuen, baina osatze bidean dagoela azpimarratu zuen. Hala ere, hitz egiteko arazoak zituen eta ez zuen eskuineko besoa mugitzen.
Hori dela eta, militarrek "Duintasun Operazioa" izenekora batzeko deia egin die Gaboneko gazteei. Horrez gain, armak eta munizioa batzeko eta garraiobideen zein aireportuen kontrola hartzeko eskatu die.
Bongo urriaren 24an ospitaleratu zuten Riad hirian, eta Gaboneko Gobernuak "nekea" tarteko.
Bertako hedabideek azaldu dutenez, tiro hotsak entzun dira Libreville hiriburuan.
Azken ia mende erdian Bongo familiak agindu du Gabonen. Gaur egungo presidentearen aita 2009an hil zen eta semeak hartu zuen agintaritza.
Afrikako Batasunak (AB) estatu kolpe saiakera gaitzetsi eta Gabongo Gobernuari babesa adierazi dio.