Mundua -

Zibererasoa

Alemaniako 400 politikariren datu pertsonalak 'lapurtu' dituzte, tartean Merkelenak

Besteak beste, Angela Merkelen fax zenbakia, posta elektronikoaren helbidea eta zenbait gutun zabaldu dituzte interneten, ostiral honetan gertatutako zibererasoaren ondorioz.

Erabiltzaile bat ordenagailuaren aurrean, Alemanian. Argazkia: EFE
Alemaniako 400 politikariren datu pertsonalak 'lapurtu' dituzte
Erabiltzaile bat ordenagailuaren aurrean, Alemanian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alemaniako Gobernuak jakitera eman du azken orduotan zibererasoa gertatu dela aipatu herrialdean. Hain zuzen ere, 400dik gora politikariren datu pertsonalak "lapurtu" dituzte; besteak beste, Angela Merkel kantzilerrari eta Frank-Walter Steinmeier presidenteari buruzko informazioa. Aitzitik, ez dute Alemaniarentzat Alternatiba alderdi ultraeskuindarraren daturik filtratu.

Merkeli buruz interneten zabaldu dituzten datuen artean, fax zenbakia, posta elektronikoaren helbidea eta zenbait gutun daude. Kantzilerraren bozeramaileetako batek, baina, garrantzia kendu dio filtrazioari, "Merkeli buruz jakin diren datuak gutxi izan direlako".

"Hasiera bateko informazioetan oinarrituta, esan dezaket ez dela Gobernuaren gaineko informazio nabarmenik lapurtu", zehaztu dio Reuters informazio agentziari Merkelen bozeramaile horrek.

Gainera, badirudi filtrazioak ez diola Armadan eta Alemaniako Gobernuaren barne segurtasunari eragin, agintariek azaldu dutenaren arabera. Komunikabideek, aitzitik, inoiz Alemanian egon den "datu jario handiena" dela esan dute.

Argitaratutako dokumentuetako batzuk aurretik ordainduta soilik eskura daitezke. Horien artean telefono zenbakiak, helbide pertsonalak, internet bidezko jakinarazpenen transkripzioak, eskutitzak, fakturak edota kreditu txartelei buruzko informazioa daude.

Dirudienez, ARD eta ZDF telebista kateetako hogeita hamar bat kazetariren datuak ere zabaldu dituzte.

Argitalpenaren egileak "segurtasuneko ikertzailetzat, artistatzat eta satirotzat" du bere burua. Alabaina, Poliziak oraindik ez du egiaztatu Twitterreko erabiltzaile hori politikarien informazioa eskuratu zuen pertsona bera den ala ez.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Alemania Angela Merkel Eguneko albisteak Albisteak