Mundua -
2019an
Japoniak balea-arrantza komertzialari ekingo dio berriz, uztailean
Gobernuaren bozeramaile batek iragarri duenez, Asiako herrialdeak Baleei buruzko Nazioarteko Batzordea utziko du.
Agentziak | Erredakzioa
Yoshihide Suga Japoniako Gobernuko bozeramaileak gaur, asteazkenarekin, iragarri du Japoniak Baleei buruzko Nazioarteko Batzordea utziko duela, NHK telebista katean jaso duenez.
Sugak, halaber, esan du Japoniak baleak merkaturatzeko helburuz arrantzatzeari ekingo diola berriz, 2019ko uztailetik aurrera. 2018ko hasieran, Japoniak baleak salerosteko debekua mundu mailan bertan behera uzten saiatu zen, baina proposamenak ez zuen aurrera egin.
“2019ko uztailetik aurrera, ekainaren 30ean Batzordea utzitakoan, Japoniak baleak merkataritzarako arrantzatzeari ekingo dio berriz, Japoniako Itsasoan”, Sugak ohar batean adierazi duenez.
“Baleak nazioarteko zuzenbidea beteta arrantzatuko dira, eta aintzat hartuko dira Baleei buruzko Nazioarteko Batzordeak eragin kaltegarriak saiheste aldera hartutako akordioak jasotzen dituen arrantza mugak”, erantsi du.
Greenpeacek Japoniaren erabakiaren aurka egin du, eta esan du ez datorrela bat “nazioartearen aldartearekin”. “Japoniako Gobernuak berehala heldu behar dio itsasoko ekosistemak zaintzeko lanari, baleak harrapatu ordez”, esan du Sam Annesley Greenpeacen Japoniako zuzendari exekutiboak.
Japoniak 1982an utzi zion baleen arrantza komertzialari, Batzordeak onartutako luzamendu bati jarraituta. Halere, 1987tik arrantzatu dituzte animalia hauek, ustez helburu zientifikoarekin.