Mundua -

Iraultza Libian

Gadafik hegazkinekin eta mertzenarioekin eraso egin du berriro

- Bengasiko aireportua suntsitu dute liskarretan.

- Gadafik "erreforma garrantzitsuak" iragarriko ditu laster egingo duen agerraldi publikoan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Libiako erregimenak indarkeria basatia erabiltzen darrai, Muamar al Gadafi diktadorearen aurka protesta egiten ari direnen aurka hegazkin militarrak eta mertzenarioak erabiliz.

Hildakoak ehunka dira. Herrialdeko bigarren hiri garrantzitsuenean, Bengasin, adibidez, 300 inguru dira azken egunetan hildakoak, mediku baten adierazpenak aipatuta Al Jazeera telebista-kateak jakinarazi duenez. Bengasiko aireportua suntsitu dute liskarretan eta bidaiarien hegazkinek ezin dute lur hartu.

Hiriburuam Tripolin, Aire Armadak hainbat sektore bonbardatu ditu gaur, aipatu telebista-kateak informatu duenez.

Hedabideak aipatutako lekukoen arabera, mertzenarioak ere parte hartzen ari dira operazioetan.

Tayura auzoan, oraindik ere gorpuak ikus daitezke gaur kalean. Atzo, antza denez, 61 pertsona hil ziren bertan, jazarpenaren ondorioz.

"Gerra-hegazkinak eta helikopteroak bonbardaketak egiten ari dira, lehenengo sektore bat, eta gero beste bat. Pertsona asko hil dira", esna du lekuko batek.

Fashlu auzoan ere helikoptero militarrak ikusi dituzte, mertzenarioak garraiatzen.

Al Muntaser Zidan ekintzaile politikoak jakinarazi duenez, Abdel Rahman al Zaid jenerala atxilotu egin dute, eta jada ezinezkoa da harekin hitz egitea.

Kaleak "garbitzen"

Tripoliko kaleak "garbitzen" ari dira Gadafiren jarraitzaileak, "komunikabideei ezer gertatu ez dela azaltzeko", salatu du Libiako Gazteen Mugimenduak.

NBEk nazioarteko ikerketa eskatu du gaur, Gadafiren jazarpena "gizateriaren aurkako krimena" izan litekeela argudiatuta.

Hain justu, NBEko Segurtasun Kontseiluak bilera berezia egingo du gaur, Libiako egoera aztertzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea