Mundua -

Iraultza Libian

Tripolin dagoela esan du Gadafik, agerraldi sinesgaitz batean

Telebista publikoak 30 segundoko bideo bat igorri du. Horretan, diktadorea erortzeko zorian dagoen jauregi batean agertzen da, auto zahar batean sartzen eta euritako bat eskuan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Libiako telebista ofizialak Muamar el Gadafiren irudiak igorri ditu bart, eta horietan, diktadoreak adierazi du Tripolin dagoela, "eta ez Venezuelan, txakurren telebistek iragarri ez bezala".

Irudiak 30 segundokoak baino ez dira, eta Gadafi auto baten barruan erakusten dute, AEBek 1986an bonbardatutako jauregiaren aurrean, eta euritako bat eskuan. Etxe hori erortzekotan dago egun, baina erregimenak museo bat balitz bezala dauka, eta "Erresistentziaren Etxea" izena jarri dio.

"Plaza Berdean (Tripoliko erdigunea) egon naiz gaur. Hemen nago, eta ez Venezuelan, txakurren telebistek iragarri ez bezala", esan dio, hain zuzen ere, antza denez elkarrizketa egiten ari zen kazetari bati.

"Plaza Berdean zeuden gazteei hitz batzuk esan nahi nizkien, baina euria egiten hasi da", gaineratu du.

Aurretik, telebista-kate ofizialak aurreratu zuen Gadafiren hitzaldi bat eskainiko zuela "zuzenean", "zurrumurru guztiak ezeztatzeko". Azkenean, baina, hitzaldia baino, 30 segundoko irudi sinesgaitzak eman ditu.

Bideoan agertzen den jauregia AEBek bonbardatu zuten 1986an, eta ondorioz Gadafiren seme bat hil zen. Harrezkero, eraikinaren hondarrak museo bihuru dituzte, eta diktadoreak Tripoli bisitatzen duten estatuburu atzerritarrei erakutsi ohi die.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea