Mundua -
Gertakaria
5 lagun hil eta 18 zauritu dira Txinako eskola batean auto batek nahita harrapatuta
Biktimen artean umeak egon litezke, harrapaketa haurrak ikastetxetik ateratzen ari zirenean jazo delako. Gidaria atxilotu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez bost pertsona hil eta 18 zauritu dira gaur Huludao hiriko eskola batean (Txinako ipar-ekialdea) auto batek harrapatuta. Hildakoen lehen balantzea CCTV Estatuko telebista kateak eman du, baina ez du zehaztu biktimen artean haurrik ote dagoen.
Eguerdian jazo da harrapaketa, haurrak ikastetxetik ateratzen ari ziren unean. Huludaoko udal gobernuak China Daily egunkariari esan dionez, ikasle talde bat zebra bidea gurutzatzen ari zen, bat-batean, auto batek nahita harrapatu dituenean.
Eskola inguruan dauden kamerek jasotako irudietan ikus daitekeenez, autoak norabidea aldatu eta abiadura handiz umeen kontra egin du.
Agintariek autoaren gidaria atxilotu eta gertakaria argitzeko ikerketa abiatu dute.