Mundua -
HEGAZKIN ISTRIPUA
Javako itsasoan eroritako hegazkinaren kutxa beltzetako bat berreskuratu dute
Urpekariek hegaldiko datuak gordetzen dituen kutxa beltza ateratzea lortu dute. Orain, pilotuen arteko elkarrizketak jasotzen dituen kutxa beltzaren bila ari dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Indonesiako agintariek urriaren 29an Java itsasoan eroritako Lion Air konpainiako hegazkinaren bi kutxa beltzetako bat berreskuratu dute.
Muhammad Syaugi Basarnas Indonesiako erreskateen agentzia nazionaleko zuzendari nagusiak kazetariei azaldu dienez, urpekariek hegaldiko datuak gordetzen dituen kutxa beltza berreskuratzea lortu dute. Bien bitartean, pilotuen arteko elkarrizketak jasotzen dituen kutxa beltzaren bila ari dira.
Kutxa beltza 30 metroko sakoneran aurkitu dute, atzo, Karawang lurmuturretik gertu, hegazkinaren kutxa beltzek bidalitako abisuekin lotuta egon litezkeen seinaleak hauteman ostean.
Orain Garraio Segurtasunaren Batzorde Nazionalaren (KNKT) esku utziko dute kutxa beltza. Aurreikuspenen arabera, sei hilabete beharko dituzte datu horiek aztertzeko, baina hilabeteko epean atariko txostena prest izatea espero dute.
Gaur gaurkoz, dozenaka pertsonaren gorpuzkiak izan daitezkeenak atera dituzte itsasotik. Guztira, 56 poltsa inguru.
Boeing 737 motako hegazkina aireratu eta 13 minutura desagertu zen radarretatik. Pangkal Pinang hiria zuen helmuga. Itsasora erori aurretik, pilotuak Jakarta hiriburura itzultzeko baimena eskatu zuen, baina ez zuen larrialdiko mezurik igorri. Igandean egindako hegaldi batean, arazo teknikoak izan zituen hegazkinak, baina astelehenean konpondu zituzten, konpainiaren esanetan.