Mundua -
Afganistan
Gutxienez 67 pertsona hil eta 126 zauritu dira Afganistanen, hauteskunde egunean
Talibanek 193 eraso egin dituzte herrialde osoan. Hiru urteko atzerapenarekin iritsi diren hauteskunde parlamentarioak mehatxatu zituzten.
Agentziak | Erredakzioa
Afganistanen hauteskunde eguna izan dute larunbat honetan, eta gutxienez 67 pertsona hil eta 126 zauritu dira, talibanek herrialde osoan egin dituzten 193 erasoetan. Hiru urteko atzerapenarekin iritsi diren hauteskunde parlamentarioak mehatxatu zituzten. Zaurituen artean, 27 zibil, 9 segurtasun indar eta 31 matxino daude.
Afganistango segurtasun indarren eta hauteslekuen aurkako 193 erasoak zentroak ireki bezain laster hasi dira, 07:00etan (02:30ean GMT), eta 18:00ak (13:30 GMT) arte iraun dute, Akhtar Muhammad Ibrahimi Barne ministroordeak Kabulen emandako prentsaurrekoan azaldu duenez.
Atentatu suizida bat izan da Kabulen, 76 ekintza egin dituzte hauteslekuen aurka herrialde osoan, eta hamabi bat leherketa hauteskunde zentroetatik gertu "hautesleak ikaratzeko", segurtasun indarrekin borrokatzeaz gain.
Ondorioz, Ibrahimik azaldu duenez, 27 zibil hil dira, eta ehun bat zauritu. Gutxienez bederatzi segurtasun indar hil dira, eta beste 25 zauritu.
Halaber, talibanek 31 baja izan dituzte, eta 18 matxino gehiago atxilotu dituzte.
Barne ministroordearen arabera, eraso horiek 2014an, presidentetzarako hauteskundeetan, izandakoen erdia dira.