Mundua -
Iraultza demokratikoa
Ehunka mila pertsona bildu dira Tahrir plazan, Mubarak 'kanporatzeko'
- Oposizioak Mubarak "kanporatzeko" eguna deitu du, diktadora agintetik botatzen saiatzeko.
- Hauteskunde 'garbiak eta inpartzialak' deitzeko eskatu dio Obamak.
- 60 kazetariri eraso egin diete.
Erredakzioa
Egiptoko diktaduraren aurkako taldeek mobilizazio eguna deitu dute gaurko. Hain zuzen ere, Hosni Mubarak presidentea herrialdetik ''kanporatzeko'' eguna deitu dute, eta milioi bat pertsona biltzea dute helburu.
Dena dela, Mubaraken balizko ''kanporaketa'' hori desioa da errealitatea baino, diktadoreak aitzakiak jartzen segitzen baitu agintea ez uzteko. Haren aurkako presioa, hori bai, gero eta itogarriagoa da.
Erabaki "zuzena" hartzeko eskatu dio Barack Obama AEBetako presidenteak Hosni Mubaraki, eta "antzinako formulek baliorik ez dutela" ohartarazi dio. Dena den, ez dio esplizituki kargua uzteko eskatu.
Obamak hauteskunde ''garbiak eta inpartzialak'' deitzeko eskatu dio Mubaraki, eta bere jokabidea demokratikotzat jo daitekeen galdetu dio.
Olatz Simon EITBk Egipton duen berriemaile bereziak azaldu duenez, egiptoarrak mundu osotik iritsi dira Kairora, duela 11 egun protesta egiten hasi ziren hamarka mila pertsonekin bat egiteko.
Anaia Musulmanak oposizioko alderdi nagusiak bat egin du, ofizialki, protestekin, eta beraz, baliteke kalera pertsona gehiago atera izana.
Martxa hasi baino lehen, hamarka mila pertsonak, musulmanek zein kristauek, eguerdiko otoitza egin dute Tahrir plazan. Emozio handiko unea izan da, azken hamarkadetan Egiptok aurrekaririk ez duena.
Ekitaldia iman batek zuzen du, eta emozioz jarraitu dute manifestariek.
Batzuk negarrez hasi dira buruzagi erlijiosoak iraultzako biktimak (100tik gora dagoeneko) gogorarazi dituenean.
60 kazetariri eraso egin diete
Segurtasun neurri zorrotzak
EFE agentziak egiaztatu ahal izan duenez, sarrera batzuetan bost kontrol daude, Armadak zein protesten antolatzaileek jarritakoak.
Plazan sartzeko zubi batean tankeak daude. Ez ohiko neurria da, protestak hasi zirenetik plazatik gertuago baitzeuden.
Inguruetan, gainera, alanbradak jarri dituzte eta soldaduak nortasun agiriak eskatzen ari dira, barruan sartu ahal izateko. Horrenbestez, ilara luzeak daude martxarekin bat egin ahal izateko.
Badirudi plazatik gertu ez dagoela Mubaraken jarraitzailerik. Atzo tiroka izan ziren berriro, eta gutxienez bost pertsona hil zituzten.
AEBak negoziatzen, Mubarakek berehala dimititzeko
Bestalde, AEBetako eta Egiptoko funtzionarioak negoziatzen ari dira Hosni Mubarak presidenteak berehala dimititzea helburu, The New York Times egunkariak jakinarazi duenez.
Aipatu iturrien arabera, planak Egiptoko Armadaren oniritzia du, eta ondorioz Omar Suleiman presidenteordeak hartuko luke agintea, trantsizio Gobernua osatzeko.
Mubarakek, baina, aitzakiak jartzen jarraitzen du boteretik alde ez egiteko. Azken aldia bart bertan izan da, ABC telebista-katean eskainitako elkarrizketa batean.
Antza demez, Suleimanek Konstituzioa erreformatzeko prozesua abiatuko du berehala, eta oposizioko alderdiak deituko ditu.
Helburua sistema zabaltzea da, irailean hauteskunde askeak egiteko.