Mundua -
Iraultza demokratikoa Egipton
Manifestarien aurka 'zorrotz' ekingo duela agindu du Gobernuak
- Gutxienez 13 pertsona hil eta 1.200 zauritu dituzte istiluetan.
- Greziako kazetari batek labankadak jaso ditu Tahrir plazan.
Erredakzioa
Manifestaldietan parte hartzen jarraitzen dutenen aurka "zorrotz" ekingo dutela agindu du gaur Omar Suleiman Egiptoko presidenteordeak: "Egoera honekin jarraitzen baldin badugu Estatua geldituko da, eta ez dugu onartuko". Gainera, iraileko hauteskundeak atzeratuko ez dituztela adierazi du Suleimanek.
Mubarak presidentearen aldekoen eta kontrakoen arteko liskarretan parte hartu dutenak zigortu egingo dituela iragarri du presidenteorde berriak. Horrez gain, Mubaraken semea ere hauteskundeetara ez dela aurkeztuko azpimarratu du Suleimanek.
Hosni Mubarakek emandako hitza bete eta iraileko hauteskundeen ostean boterea utziko duela ziurtatu du Suleimanek. Era beran, talde politikoei Gobernuarekin elkarrizketan parte hartzeko eskatu die presidenteordeak, beharrezko erreformak aurrera eramateko.
Indarkeria giroa ez da desagertu Kairoko Tahrir plazan. Une honetan milaka manifestari daude bertan, Hosni Mubarak diktadorearen aurka protesta egiten, baina inguruetan presidentearen aldekoak daude, haien aurka egiten, tiroka, harrika eta molotov koktelak jaurtiz.
Egiptoko Armada plazaren sarrerak kontrolatzen ari da. Plaza hori duela hamar egun hasitako iraultza demokratikoaren ikur bihurtu da.
Iraultzaren hasieratik protestak baketsuak izan dira, baina, atzotik, Mubaraken aldekoak manifestariei erasotzen ari dira, eta ondorioz orotara 13 pertsona hil eta beste 1.200 zauritu egin dira. Hildakoen artean atzerritar bat egon daitekeela gaineratu du Osasun Ministerioak.
Azken sarraskia gaur goizaldean bertan izan da, ofizialistek plazaren aurka tiro egin baitute, hiru tokitatik, eta gutxienez bost manifestari hil dituzte.
Bien bitartean, liskarrak hasi zirenetik lehen aldiz, Armadak esku hartu du eta Tahrir plazan bi aldeak banantzeko eremua ezarri du. Halaber, airera tiro egin du, erasoak geldiarazteko helburuz. Une honetan, hau da mapa: Manifestariak plazan, eta presidentearen jarraitzaileak inguruetan.
Egoera jasanezina da Kairon eta, gainera, gordinduko den beldur dira. Izan ere, oposizioak manifestazioak deitu ditu biharko. Oraingo honetan, baina, "haserrearen ostirala" beharrean, "martxaren ostirala" deitu dute.
Kazetarien kontrako erasoak
Al Yazira telebistak jakitera eman duenez, Greziako kazetari batek labankadak jaso ditu Tahrir plazan. Reuters albiste-agentziaren arabera, haren lankideari, argazkilari bati, eraso egin diote.
Horrez gain, Egiptoko Poliziak kazetari asko atxiki ditu. TV3 telebistako sei langile atxiki ditu Polizia militarrak: Eduard Sanjuan, Mireia Pigrau, Sandra Rierola, Lluis Jene, Walter Ojeda eta Roser Oliver.
Olatz Simon eta Mikel Ayestaran EITBk Kairon dituen berriemaile berezien esanetan, diktaduraren aldeko hedabideak zurrumurruak sortzen ari dira, inguruetan mendebaldeko pertsona armatuak daudela esaten, eta ondorioz, Mubaraken aldekoak erasotzen ari dira, Rosa Maria Mollo TVEko kazetariari, kasu.
Laura Caro ABC eta Punto Radioko berriemailea eta Beatriz Mesa COPE irratiko kazetaria polizia-etxera eraman dituzte liskarren berri ematen saiatzen ari zirenean. Ondoren, biak aske utzi dituzte
Bestalde, atzerriko kazetarien kontrako "beldurrarazte kanpaina" bat gaitzetsi du AEBetako Estatu Departamentuak.
Gainera, Poliziak Amnesty International eta Human Rigths Watch erakundeetako ordezkari bana atxilotu ditu, Amnestyk ohar bidez salatu duenez. Giza eskubideen aldeko taldeak erantsi duenez ez dakite atxilotutakoak non daude.
Mubarakek agintean iraila arte jarraitu nahi badu ere, manifestariek ez dute amore eman nahi, jazarpena bortitza izango litzatekeela baitakite. Horrenbestez, uste dute ez dutela ezer galtzeko, eta beste herrialde batzuetatik manifestari gehiago heltzen ari dira, hegazkinez.
Gobernuak ukatu du indarkeriarekin zerikusia duela
Bestalde, Mubaraken Gobernuak ukatu egin du bere jarraitzaileek erabilitako indarkeriarekin zerikusirik duela, erasotzaileak ondo antolatuta badaude ere.
Egiptoko lehen ministroak barkamena eskatu du atzoko istiluen harira, baina halere, gaurko erasoak ez dira eten.