Mundua -
Kronika Egiptotik
Olatz Simon: 'Indarkeria da nagusi eta beste herrialde bat dirudi'
Soldaduek eraikuntza esanguratsuenak babestu baino ez dute egin. Gaurko indarkeriaren atzean ez dagoela demostratu nahi izango balu, Mubarakek lasaitasuna eskatuko luke berehala.
Olatz Simón
Ilundu egin du Egipton eta ezin gara kalera atera. Gaur Egun eta Teleberri saioetako zuzenekoak hasten ari zirenean indarkeria piztu da. Dena oso azkarra izan da eta beste herrialde baten gaudela ematen du, izan ere, atzo milaka lagunek manifestaldi baketsu batean parte hartu zuten.
Mubaraken jarraitzaileak hamar edo 20 laguneko taldeetan agertu dira hasiera batean, baina gero 50 laguneko taldeak osatu eta arazoak sortu dituzte plaza inguruetan. Ohartu nahi izan garenerako gatazka zen nagusi Tahrir plazan. Arratsaldeko ordu biak baino lehen zirenean gertatu da hori eta hiruretan tiroak entzun ditugu. Manifestari oldarkorrenak atzera bota nahi zituzten soldaduen tiroak ziren.
Soldaduek eraikuntza esanguratsuenak babestu baino ez dute egin. Mubaraken jarraitzaileek kazetariei eraso egitea saihesten saiatu dira, baina ez dute lortu. Saiatu dira, baina ez dute lortu eta asko, batez ere kameralariak, jipoitu dituzte.
Soldaduek zaurituak ezkutatu dituzte tankeen artean eta pistolekin mehatxu egiten zieten hurbiltzen zirenei, baina plazako borroka ekiditeagatik ez dute ezer egin. Ordu honetan hori da Kairon gertatzen ari dena: hiriko bihotza bereganatzeko borroka bat.
Hotelean
Orain, ilunabartu duenean, helikopteroak, anbulantziak eta oihuak entzuten dira kanpoan. Balkoira ez ateratzeko eta ez grabatzeko esan digute hoteleko arduradunek.
Hotel parean harriak eta makilak banatzen dituzte. Indarkeria erabiltzen ari direnak Gobernuaren gorilak dira, egiptoar askoren esanetan, eta Mubarakek aurretik ere erabili izan ditu. Auzo txiroetan Poliziak bilatu dituen milaka lagunekin uztartzen dira gorila horiek. Aberriaren izenean hiriaren kontrola bereganatzeko animatu dituzte, eta etekina ateratzen ari zaizkie.
Plazatik heltzen zaizkigun albisteen arabera, oposizioko manifestariak erasoari aurre egiten ari dira, nahiz eta inguraturik izan.
Gaurko indarkeriaren, hondamenaren eta sorgin-ehizaren atzean ez dagoela demostratu nahi izango balu, Mubarakek lasaitasuna eskatuko luke berehala telebistaren bidez.
30 urteetan egindako lana goraipatu zuen agintariak atzo, eta trantsizio baketsu bat aurrera eramateko borondatea azaldu zuen. Ez da kamerarik izango Tahrir plazan, gauean, edo ez behintzat gustatuko litzaigukeenak, bi aldeen arteko liskarrak jarraitzeko.
Gauza bat argi dago, batzuek eraso egiten dute, eta beste batzuek defendatu, baina Mubaraken jarraitzaile guztiek ez dute indarkeria erabili, eta kazetari asko lagundu dituzte istiluetatik ateratzen.