Mundua -
Iraultza demokratikoa
Indarkeria ez erabiltzeko konpromisoa hartu du Egiptoko Armadak
- Oposizioak milioi bat pertsona bildu nahi ditu biharko deituta dauden manifestazioetan.
- Egipton protestak hasi zituen taldeak greba orokorra deitu du biharko.
Erredakzioa
Hosni Mubarak presidentearen aurkako herritarren eskakizunak "legitimoak" direla uste du Egiptoko Armadak eta protestak kontrolatzeko indarkeria ez erabiltzeko konpromisoa hartu du, Al Arabiya kateak Twitterren bidez jakitera eman duenez.
Hosni Mubarak Egiptoko presidenteak oposizioarekin hitz egiteko eta erreforma ekonomikoak abiatzeko eskatu dio Ahmed Shafiq lehen ministroari, bart telebistaz eskainitako hitzaldi batean.
Hain zuzen ere, enplegua sustatzeko eta inflazioa kontrolatzeko erreformak eskatu dizkio, Nile TV telebista publikoan eskainitako hitzaldian.
Gainera, Omar Suleiman presidenteordeari Egiptoko indar politikoekin elkarrizketa bat hasteko eskatu dio Mubarakek, Konstituzioan egin beharreko aldaketa posibleak aztertzeko, Suleimanek berak prentsaurrekoan azaldu duenez.
Horrela, agintaria herritarren haserrea baretzen saiatzen ari da. Izan ere, asteartetik, egiptoarrak kalean daude demokraztia eskatzen eta Mubarak (1981etik agintean) eroriarazten saiatzen.
Iraultzaren ondorioz gutxienez 102 pertsona hil dira, eta 1.000tik gora zauritu. Polizia, gainera, berrito atera da kalera.
Bere partez, oposizioa trantsizioa prestatzen hasi da, eta militarrekin batzorde bat osatzea adostu du. Mohamed El Baradei Bakearen Nobel sariduna bihurtu da oposizioaren buru.
Bihar, protesta eguna
Bestalde, "Apirilaren 6a" mugimenduak, hots, protestak hasi zituenak, greba orokorra eta manifestazio handiak deitu ditu biharko, eta guztira milioi bat pertsona bildu nahi ditu.
"Inauteriak izango balira egin nahi ditugu protestak, musikarekin, abestiekin, olerkiekin eta ikuskizunekin, baina dena Hosni Mubaraken dimisioa eskatzeko", azaldu du antolatzaileen bozeramaile batek EFE agentzian.
Barne ministro berria
Gobernuak Barne ministroa ordezkatu, eta Mahmoud Wagdy Kairoko Poliziako ikerketa burua izendatu du, Habib al Adli-ren ordez.Hain justu, manifestarien eskakizunetako bat Barne ministroa kentzea zen, jazarpenaren burutzat jotzen baitzuten.
Halaber, Finantza ministro berria ere izendatu du: Gawdat el Malt, kontu-ikuskaritzako bulegoaren zuzendari ohia. Herritarren artean ope ona dauka, ustelkeriaren aurka abiatutako politikak direla eta.
Bestalde, Europar Batasunak "trantsizio" prozesu bat martxan jartzeko eskatu dio Mubaraki, eta, epe horren ondoren, "bidezko hauteskunde askeak" deitzeko eskaria luzatu dio.
Mubarakek Obamaren babesa galdu du
Barack Obama AEBetako presidenteak "trantsizio ordenatua" egiteko dei egin du.
"Presidenteak berretsi du indarkeriaren aurka dagoela, eta lasaitasuna eskatu du. Eskubide unibertsalak babestu ditu, hala nola biltzekoa, elkartzekoa eta modu baketsuan adierazpenak egitekoa", adierazi du Etxe Zuriak agiri batean.
Obamak bilera egin ditu Saudi Arabako erregearekin eta Turkiako, Israelgo, eta Erresuma Batuko lehen ministroekin, Egiptoko egoera hizpide.
Egipto AEBen aliatua da eta paper garrantzitsua du eskualdean.