Mundua -
Krisi politikoa Egipton
El Baradeik protesten lidergoa hartu du: 'Badator aldaketa'
- "Erregimenak boterea uztea" ezinbestekoa da.
- 20.000 manifestarik presidentearen dimisioa eskatu dute militarez josita dagoen Tharir plazan.
- Oposizioak militarrekin negoziatzeko batzordea eratu du.
Erredakzioa
Mohamed el Baradei oposizio-burua Tahrir enparantzara, protesten gunera, hurbildu da eta bertan bilduta dauden milaka manifestariei "aldaketa" iritsiko dela promestu die.
"Hasi dugun guztiak ez du atzera bueltarik", esan du El Baradeik, megafonoa eskuan zuela, Al Arabiyak jakitera eman duenez.
"Hau amaieraren hasiera baino ez da", gaineratu du Nobel saridunak, eta oposizioak aldarrikapen klabea duela azpimarratu du: "Erregimenak boterea utz dezala".
Oposizioa, antolatuta
Hosni Mubaraken oposizioko talde nagusienak 10 pertsonako batzordea osatu dute Armadarekin negoziatzeko asmoz. Hori da Aiman Nur Ghad (etorkizuna) alderdiko presidenteak iragarri duena. Batzordearen bozeramailea Mohamed el Baradei Nobel sariduna da.
Batzorde horretan George Ishaq (Kefaya), Abu al Ezz eta Mahmud el Jodairi epailea daude, besteak beste, el Baradeu eta Nurrekin batera. "Batzorde honen helburua krisia kudeatzea da. Egiptoko segurtasuna hobetzeko negoziazioak egingo ditugu", azaldu du Nurrek.
Tentsioak gora egin du
Igande honetan, hainbat tanke Tahrir plazara iritsi dira etxeratzeko aginduaren hasierarekin bat eginez. Horrez gain, militarren hegazkinak eta helikopteroak Kairoko erdiguneko plazaren gainean daude.
20.000 manifestarik Hosni Mubaraken dimisioa eskatzen jarraitzen dute azken sei egunetako protesten gune nagusian. Dena den, euren bizia ez dago arriskuan militarrek tankeetako kanoiak erabiltzeko asmorik oraindik agertu ez dutelako.
Larunbatean luzatu zuten etxeratzeko agindua 15:00etatik (14:00etan, Euskadin) 08:00etara.
Anaia Musulmandarrak Egiptoko oposizioko talde nagusiak eta Mohamed el Baradei Bakearen Nobel saridunaren erakundeak militarrekin Mubaraken erregimenaren amaiera negoziatzeko batzordea eratu dute.
Saad Katatni Anaia Musulmandarrak taldearen buruak Eferi jakinarazi dionez, "batzordeko kideak bihar (astelehenean) Armadako buruekin bil litezke erregimenaren balizko aldaketa bat aztertzeko".
Mubarak, isilik
Egiptoko presidentea eta militarren buruak igande honetan bildu dira eta herrialdearen segurtasunaren izan dute hizpide. Egoerak okerrera egin du azken orduetan Armadak Poliziari lekukoa hartu diolako, telebista publikoak jakinarazi duenez.
Larunbat honetan presidenteorde izendatutako Omar Suleimanek ere bileran parte hartu du.
Mubarak lehen aldiz bildu da militarrekin, asteartean protestak eta istiluak hasi zirenetik.
Azken egunetako manifestarien eta segurtasun indarren arteko istiluen eraginez, 100 pertsonatik gora hil direla zabaldu du Reuters albiste agentziak. Herrialdean ezegonkortasuna nagusi denez, oraindik ez dago datu ofizialik eta hildakoen kopuruak gora egin lezake.