Mundua -

HONDAMENDI NATURALAK

NBEk 15 milioi dolar bideratuko ditu Indonesiako lurrikararen kaltetuei laguntzeko

Bien bitartean, argindarra berrezartzen hasi dira Celebes uhartean, lurrikarek eta tsunamiak gehien astindutako gunean.

Erreskate zerbitzuek lanean jarraitzen dute Indonesian. Argazkia: EFE
Erreskate zerbitzuek lanean jarraitzen dute Indonesian
Erreskate zerbitzuek lanean jarraitzen dute Indonesian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 15 milioi dolar bideratuko ditu ostiraleko 7,5 graduko lurrikararen eta ondorengo tsunamiaren kaltetuei laguntzeko. Azken balantzearen arabera, 1.200dik gora dira hildakoak.

NBEren Giza Laguntza Koordinatzeko Bulegoak azaldu duenez, Nazio Batuen Erakundea, gobernuz kanpoko erakundeak eta Indonesiako Gobernua elkarlanean ari dira.

Ostiralean hainbat lurrikara izan ziren Indonesian, 7,5 gradukoa handiena, eta, ondoren, hiru metro inguruko olatuek astindu zuten kostaldea. Hildakoez eta zaurituez gain, 61.900 desplazatu eragin ditu.

Igandean, Indonesiako Gobernuak laguntza eskatu zion nazioarteari, lurrikaren eta ondorengo tsunamiaren ondorioei aurre egiteko. Celebes uhartea, Palu eta Donggala dira tokirik kaltetuenak.

Bien bitartean, erreskate taldeek hondakinen artean harrapatuta egon daitezkeen pertsonen bila jarraitzen dute. Oraindik orain, zenbait tokitara iritsi ezinda jarraitzen dute; izan ere, hainbat errepide itxita daude.

Argindarra berrezartzen hasi dira Celebes uhartean

Celebes uhartean, pixkanaka-pixkanaka hasi dira argindarra eta erregaiaren hornidura berrezartzen.

Argindarraren konpainiako langile batek EFE albiste-agentziari baieztatu dionez, argindarra iritsi da Palu hiriaren % 30era. Halaber, goizaldean hasi dira gasolina banatzen.

Erregai, ur eta elikagai eskasiaren ondorioz, arpilatzeak izan dira azken egunotan saltoki eta gasolindegietan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 NBE argazkiak Albisteak Gaur Hondamendi naturalak albisteak Albisteak Lurrikarak gaur Indonesia Asia azken ordukoa Tsunamiak gaur