Mundua -
Viktoria aintziran
Jada 209 gorpu erreskatatu dituzte Tanzaniako uretan
Hasierako informazioen arabera, ontzia gidatzen zuen pertsonak ez zuen formakuntza ofizialik, eta kapitaina ere ez zegoen bertan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
209 gorpu atera dituzte erreskate taldeek, eta gizonezko bat bizirik aurkitu, ostegun honetan Tanzaniako Viktoria lakuan ferry batek hondoa jo ostean, Isaack Kamwelwe Tanzaniako Garraio ministroak jakitera eman duenez.
Hirugarren erreskate egunean, 73 gorpu aurkitu dituzte, bart beste 136, Kamwelwek zabaldutako datuen arabera. Senideek 172 hildako identifikatu dituzte, eta horietatik 112 dagozkien familiei eman dizkiete dagoeneko.
MV. Nyerere ferryak joan den ostegunean hondoa jo zuen Victoria lakuan, portutik 50 metrora bakarrik, Ukerewe eta Ukara uharteen arteko bidea egiten ari zela. 400 bidaiari zeramatzan, gehienezko bidaiari kopurua 100 pertsonakoa bazen ere.
Telebista bidez igorritako hitzaldian John Magufuli Tanzaniako presidenteak adierazi duenez, hasierako informazioen arabera, ontzia gidatzen zuen pertsonak ez zuen formakuntza ofizialik, eta kapitaina ere ez zegoen bertan. Hori horrela, kapitaina eta ontziaren operazioaz arduratzen ziren langileak atxilotzeko agindu du, horiek galdekatzeko.
"The Citizen" tokiko egunkariaren arabera, astero Ukara irlan aire librean egin ohi den azokara zihoazen hildako asko. Bestalde, bertakoek salatu dutenez, ontzian ez zegoen salbamendu-jakarik, batzuetan bakarrik banatzen omen dituztelako.
Ezbeharraren ondorioz, lau dolu-egun deitu dituzte herrialdean.