Mundua -

Errusia

35 lagun hil dituzte Moskuko aireportu batean izandako atentatuan

Eztanda Domodedovo nazioarteko aireportuan gertatu da, iritsieren gunean. Agintariek "atentatu terroristatzat" jo dute. Gutxinez 130 lagun zauritu dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiako hainbat berri agentziak jakin berri dutenez, Moskuko Domodedovoko aireportuan leherketa bat izan da eguerdian, eta gutxienez 35 lagun hil eta 130 zauritu dira. Errusiako agintarien arabera, ekintzaile suizida batek eragin du leherketa. Agintarien arabera, "atentatu terrorista" izan da.

Leherketa 13:40 (Euskadiko ordua) aldera gertatu da nazioarteko hegaldiak iristen diren terminalean. Ordu erdi lehenago, terminal horrek Londreseko, Bruselako, Greziako, Ukrainako eta Egiptoko hegaldiak hartu ditu.

Domodedovoko aireportua Moskuko lau aireportuetariko bat da. Nazioarteko hainbat hegaldi bertan behera utzi dituzte eztandaren ondorioz.

Atentatuaren arduradunak atxilotuko dituztela azpimarratu du Errusiako presidente Dimitri Medvedevek. Dagoeneko, Fiskaltzak ikerketa ireki du, atentatuaren ingurukoak argitzeko helburuarekin.

Garriobideetako terminaletan segurtasun neurriak areagotzeko agindu du Errusiako presidenteak. Davoseko Ekonomia Foroan parte hartu behar zuen Medvedevek, baina, atentatuaren ondorioz, bilera bertan behera uztea erabaki du.

Bere hitzetan, Errusian ez dira segurtasun neurriak betetzen eta, horregatik, agintari ezberdinei neurriak hartzeko agindu die.

Azken atentatu handia 2010eko martxoan jasan zuten Moskun. Bi ekintzaile suizidek 40 pertsona hil zituzten metroan, bonba bana zartarazita.

Lehergailua

Leherketak bost kilo dinamitak utziko lituzkeen ondorioak eragin ditu, baina lehergailuak objektu metalikoak zituen ahalik eta kalte handiena egiteko, segurtasun zerbitzuetako iturriek bertako komunikabideei jakinarazi dietenez.

Beste aireportuetako eta Errusiako hiriburuko metroaren segurtasun neurriak areagotu dituzte erasoaren ondorioz. Izan ere, iaz, martxoan, atentatu bikoitza jazo zen bertan, eta 39 hildako izan ziren.

Beste aireportuetako eta Errusiako hiriburuko metroaren segurtasun neurriak areagotu dituzte erasoaren ondorioz. Izan ere, iaz, martxoan, atentatu bikoitza jazo zen bertan, eta 39 hildako izan ziren.

Terroristaren burua topatu dute

Ustezko terrorista suizidaren burua aurkitu dute aireportuan, Errusiako segurtasun iturrien esanetan.

"30-35 urte bitarteko arabiar itxurako gizon baten burua topatu dute; litekeena da lehergailua berak zartaraztea", zabaldu du Interfax albiste-agentziak aipatutako iturriak.

Nazioarteak atentatua gaitzetsi du

Barack Obama AEBetako presidenteak gaitzetsi egin du Moskuko aireportuan izandako "terrorismo eraso ankerra". Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusiak ere gogor gaitzetsi du eta terrorismoaren aurkako borrokan lankidetza areagotzea eskaini dio Errusiari.

Espainiako Gobernuak, berriz, erasoa "irmo" gaitzetsi eta terrorismoaren aurkako borrokan Errusiari laguntzeko borondate osoa agertu du. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak, bere aldetik, elkartasuna adierazi dio Dmitri Medvedev Errusiako presidenteari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea