Mundua -

Ekialde Hurbila

Yemengo Gobernuko ordezkariak eta hutiak elkartuko dira Genevan, NBEk deituta

Azken bileratik bi urte igaro direnean, Abdo Rabu presidentearen eta errebelde hutien ordezkariak Genevan izango dira hiru urte pasatxoko gerrari amaiera ematen saiatzeko.

Martin Griffiths Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Yemenerako ordezkaria. Argazkia: EFE
Martin Griffiths Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Yemenerako ordezkaria. Argazkia: EFE
Martin Griffiths Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Yemenerako ordezkaria. Argazkia: EFE

AGENTZIA | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Suitzako Geneva hirian Yemengo Gobernuaren eta errebelde hutien ordezkariak hiru urte irauten duen gatazkari amaiera ematen ahaleginduko dira gaurtik aurrera, Nazio Batuen Erakundeak deituta.

Bi aldeen arteko azken bilera duela bi urte izan zen, Kuwaiten. Martin Griffiths Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Yemenerako ordezkariak bi aldeak (Abdo Rabu Mansur Hadi presidentearen ordezkariak eta errebelde hutiak) Genevan batzea lortu du. Abdo Rabu Mansur Hadi presidentea Riaden (Saudi Arabia) erbesteratuta dago.

Griffithsek zehaztu duenez, ez dira bake negoziazioak, bake kontsultak baizik. Haren esanetan, aldeek erabaki behar dute negoziatu nahi duten ala ez eta, hala bada, non egin nahi duten. Dena den, bi urteko etenaren ostean, elkarrizketak berriz abiatzea dela garrantzitsuena azpimarratu du.

Ez du baztertzen bi aldeek zuzenean negoziatzea: "Kontsultek lan malguagoa ahalbidetzen dute, bi aldeak gela berean eserita ikustea espero dut. Ez dauka gertatu beharrik, ez da beharrezkoa, baina gerta liteke". Hasiera batean, kontsultek hiru egun irautea aurreikusten da, baina elkarrizketen norabidearen arabera gehiago luzatu litezke.

Genevako hitzordu horietan ez dute gatazkan nahasita dauden atzerriko herrialdek parte hartuko. Iranek errebelde hutiak babesten ditu eta Gobernuak, ostera, Saudi Arabiak gidatutako koalizio baten laguntza du.

Gerra hasi zenetik, gutxienez 6.660 zibil hil eta 10.563 zauritu dira. Nazio Batuen Erakundearen arabera, gaur egungo tragedia humanitario handiena da: 22 milioi pertsonak laguntza humanitarioa behar dute biziraun ahal izateko (biztanleriaren % 75), 16 milioi pertsonak (biztanleriaren % 55) ez dute ur edangarria edo saneamendu sistemara sarbiderik eta 2,9 milioi emakume eta haur desnutrizio egoeran daude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea NBE albisteak Albisteak Gaur Albisteak