Mundua -

Japonia

Azken 25 urteetan izan den tifoirik indartsuenak Japonia kolpatu du

'Jebi' tifoiaren ondorioz, gutxienez zazpi pertsona hil dira eta 800 bat hegaldi bertan behera utzi behar izan dituzte. Japonia alerta egoeran dago.

Jebi tifoiak irudi ikusgarriak uzten ari da Japonian

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jebi tifoiak Japonia mendebaldea astindu du. Azken 25 urteetan izan den tifoirik indartsuena da. Gutxienez zazpi pertsona hil dira, eta kalte material handiak eragin ditu. Gainera, garraiobideetan arazo larriak egon dira. Kansaiko (Osaka) aireportuan, esaterako, uholdeak izan dira.

Japoniako Meteorologia Agentziaren arabera, orduko 210 kilometroko haize ufadak neurtu dituzte; euri-jasen ondorioz, ibaiek gainezka egin dute, eta olatu handiak egon dira kostaldean.

Orain arte zabaldutako datu ofizialen arabera, gutxienez zazpi pertsona hil dira eta 200 bat zauritu.

Haizeteak kalte material ugari eragin ditu. Eraikinetako teilatu edo fatxada zatiak behera erori dira, eta haizeak hainbat ibilgailu irauli ditu, kamioiak eta autobusak tartean, hango komunikabideek zabaldutako irudietan ikus daitekeenez.

Osakan, itsasoko urak Kansaiko aireportua hartu du, eta 205 hegaldi bertan behera utzi behar dituzte. 3.000 bidaiarik aireportuan igaro behar izan dute gaua.

Tifoiak eragindako olatu handien ondorioz, Osakako badian uraren maila 2,4 metro igo da. Aireportua badiaren ondoan dago, eta lurreratzeko pistak eta terminalaren beheko solairua urpean geratu dira.

Guztira, 800 hegaldi inguru utzi dituzte bertan behera Japonian.

Osakako agintariek kalera ez atertzeko eta garraio publikoa nahiz ibilgailu pribatuak ez erabiltzeko gomendatu du. Haize ufada bortitzen ondorioz, ehunka ibilgailu irauli dira.

Dozenaka ontzi ere, noraezean geratu dira Osakako badian, olatu handiengatik.

Horrez gain, Kansain, 1,61 milioi etxetan argindarrik gabe egon dira ordu batzuetan, eta gauza bera gertatu da Shikoku uhartean; kasu honetan, 95.000 herritar kaltetu dira bertan.

Tifoiak jarduera ekonomikoan ere izan du eragina. Toyota konpainia handiak gelditu egin behar izan du, eta merkataritza-guneak itxi behar izan dituzte Osakan, Kyoton eta Nagoyan.

Shinzo Abe lehen ministro japoniarra hego-mendebaldera joatekoa zen, baina bidaia bertan behar utzi du. Uztailean, 220 lagun baino gehiago hil ziren Japonia hego-mendebaldean izandako uholdeetan.

Tifoien denboraldia hasi zenetik, 21 igaro dira jada Japoniatik. Oraingoa, baina, azken 25 urteotako indartsuena da.

Datozen orduetan, iparralderako bidea hartuko du Jebi tifoiak, eta asteazkenean Hokkaido uhartera iritsiko dela aurreikusi dute. Horrela, bada, Japoniak alerta egoeran jarraitzen du.

1993an Japonia astindu zuen tifoiak 48 hildako eragin zituen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Japonia Hondamendi naturalak Albisteak