Mundua -
Londres
Ekintza terrorista gisa ikertzen ari dira Londresko harrapaketa
Bi pertsona ospitaleratu dituzte. 29 urteko britainiar bat atxilotu dute, terrorismo delituak egotzita. Gunea Poliziak hesituta dago.
agentziak
Londresen, Parlamentu britainiarreko hesien aurka gaur, asteartea, egindako harrapaketa ekintza terroristatzat ikertzen ari dira, Poliziak jakinarazi duenez.
Autoaren gidaria (ez dute horren daturik zabaldu) 29 urteko briainiar bat da, eta atxilotuta dago jada, ekintza terroristak egitea leporatuta, Scotland Yarden esanetan.
Hala, Londresko Poliziak zabalduta mezu batean ageri denez, "07:37ean (08:37, gurean), auto batek Parlamentuko hesian aurka talka egin du. Gidaria, gizon bat, bertan atxilotu dute Poliziako agenteek. Hainbat oinezko zauritu dira. Agenteak bertan dira". Atxilotua, Londres hegoaldeko polizia-etxe batera eraman dute.
"Terrorismo delituak egotzi zaizkio. Ez zegoen beste inor ibilgailuan. Autoa bertan dago eta miatzen ari dira. Orain arte ez da armarik topatu", gaineratu du.
Scotland Yardek azaldu duenez, momentuz "gertaera terrorista gisa hartu dugu, eta Meten (Londresko Polizia, Scotland Yard) Terrorismoaren Aurkako Komandoa ari da ikerketa gidatzen".
Hainbat pertsona zauritu dira, horietatik bi ospitalera eraman dituzte. Bietako inork ez du zauri larririk izan, Poliziaren hitzetan.
Gainera, Westminsterreko metro geltokia lehen ordutik itxi dute alertagatik, eta Poliziak hainbat kale itxi ditu erdigunean, alegia, Downing Street eta ministerio nagusiak dauden gunean.
Parlamentuko eraikina altzairuzko eta porlanezko hesiez inguratuta dago, iazko martxoan gizon batek egindako atentatuaren ostean.
Eraso horretan, Khalid Masood hainbat pertsona harrapatu zituen Westminsterreko zubitik gertu, Parlamentuaren ondoan, eta horietako lau hil ziren. Ondoren, autotik jaitsi eta eraikinean sartzen saiatu zen, eta Keith Palmer polizia hil zuen labankadaz.