Mundua -

Argentina

Gutxienez 8 pertsona atxilotu dituzte, Senatuak abortuaren legeari ezetz esan ostean

Gainera, emakume bat zauritu da Argentinako Senatuaren bozketaren osteko istiluetan. Senatariek uko egin diote abortua despenalizatzeari.

Abortuaren despenalizazioaren aldekoak, Senatuaren bozketaren zain / EFE.
Abortuaren despenalizazioaren aldekoak, Senatuaren bozketaren zain / EFE.
Protestak Argentinan, Senatuak abortuaren legeztatzea deuseztatu ondoren

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez zortzi pertsona atxilotu dituzte Argentinako segurtasun indarrek, Buenos Airesen izan diren istiluetan, Senatuak abortua despenalizatzeko asmoa zuen legeari ezetz esan ostean.

Clarin kazetak jakitera eman duenez, zazpi gizon eta emakume bat atxilotu dituzte, "atentatuagatik eta aginteari aurre egiteagatik". Istilu gehienak Kongresuaren inguruan izan dira. Bertan, talde txiki batzuek aurre egin diote Poliziari. Emakume gazte bat zauritu da.

Senatuak atzera bota du abortua despenalizatzeko lege-proiektua, kontrako 38 eta aldeko 31 botorekin. Bozketa kaletik jarraitu dute abortua despenalizatzearen aldeko eta kontrako taldeek.

2019ko martxoaren 1era arte ezingo dute berriz gaiaren inguruan eztabaidatu. Egun horretan, urte legegile berria hasiko da, eta zerotik hasi beharko dute prozesua.

Halere, Mauricio Macriren gobernuak Kode Penalean aldaketak sartzea proposatuko du, abortatzen duten emakumeak kartzelara joan ez daitezen. Horrek adostasun zabalagoa lortuko luke kongresista eta senatarien artean. Presidentearen alderdiko senatari gehienek ezetz esan diote proiektuari, eta Macri bera "bizitzaren alde" agertu da. Kongresuak legeari baietz esan ostean, baina, beste iritzi bat adierazi zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Abortua Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Argentina