Mundua -
Inmigrazio krisia AEBn
Texasen atxilotutako guraso etorkinek gose greba hasi dute
Etorkinek ziurtatu dute Karnes konderriko (Texas) atxiloketa zentro batean daudela, eta AEBko agintariek ez dutela oraindik atxilotuen migrazio egoera zehaztu.
AGENTZIAK
Texasen atxilotutako hainbat guraso etorkinek gose greba hasi dute, haien eskubideak defendatzen dituen talde batek jakinarazi duenez. Atxilotutako etorkin horiek duela gutxi batu ziren seme-alabekin, eta orain gose grebari ekin diote askatasuna aldarrikatzeko asmoarekin.
Etorkinek ziurtatu dute Karnes konderriko (Texas) atxiloketa zentro batean daudela, eta AEBko agintariek ez dutela oraindik atxilotuen migrazio egoera zehaztu. Horixe da, hain zuzen, etorkin eta errefuxiatuen RAICES zentroak adierazi duena.
"Gurasoak gose greban daude eta ez dituzte Inmigrazio eta Aduanen Kontrolerako Zerbitzuak emandako jarraibideak betetzen", argitu du Jennifer Falcon RAICES zentroko bozeramaileak. Oraindik ez dago argi zenbat diren asteazkenetik greban dauden gurasoak.
"Abuztuaren 2an guraso talde txiki batek eta haien seme-alabek eserialdia egin zuten, immigrazioaren krisiagatik arduratuta zeudela erakusteko", baieztatu du Inmigrazio eta Aduanen Kontrolerako Zerbitzuak agiri baten bidez.
"Etsita gaude, nekatuta gaude atxiloketekin, eta gure seme-alabekin batera askatasuna lortu nahi dugu", ziurtatu du komunikabideei igorritako gutun batean Jorge izeneko etorkin batek. Gutun horretan zehaztu du 400 familiaren izenean hitz egiten duela.
Donald Trump AEBko presidenteak, bere aldetik, ez du atxilotuak askatzeko asmorik "erbesteratze prozesuari buruzko emaitzak jaso arte, behintzat".
Guztira, 2.500 familia banatu dituzte immigrazioarekin lotutako "tolerantziarik ez" politikari helduta.