Mundua -
ANALISIA
Washington eta Brusela: Berriren berriz hasi
EB eta AEB berriz hasi dira harremanetan muga-zergek abiarazitako gerra komertzialean tregoa bat ezarrita.
Imanol Butron Alonso (*)
Dirudienez, Estatu Batuetako segurtasun nazionala zaintzea dagoeneko ez da lehentasun bat Donald Trumpentzat. Presidente estatubatuarraren iritziz, bere aliatu historiko baten kontra eta Europar Batasun boteretsuaren kontra berak abiarazitako gerra komertzialarekin jarraitzeak ez du inolako zentzurik.
Jean-Claude Juncker Europar Batzordeko presidentea Washingtonen Donald Trumpekin bildu aurretik oso itxaropentsu ez bazegoen ere, Europar Batasunak eta AEBk hutsetik hasi nahi izan dute eta tregoa bat lortu dute Washingtonek altzairu eta aluminioaren inportazioari ezarritako muga-zergen gerra komertzialean. Oraingoz, ez da muga-zerga gehiagorik egongo, daudenak berraztertu eta aldebiko negoziazio komertzialak egingo dira.
Atzean geratu dira, beraz, azken hilabeteetan lehen orrialdeetan ageri izan diren mehatxu, mespretxu eta eztabaidak. Inork ez daki oraindik zertan gauzatuko den hau guzti hau. Argi dago, ordea, halako eztabaida bati eustea ez zela beharrezkoa, inork ez zuelako irabazten eta denek galtzen zutelako.
Asteazken gauean, Etxe Zuriko Arrosen Lorategian ustekabe egindako prentsaurreko batean, Trumpek eta Junckerek jendaurrera zabaldu zuten akordio berria, lau lan lerro dituena. Lehenengo konpromisoa da elkarrekin lan egitea muga-zergak kentzeko. Bigarrena, energia alorrean elkarlana egitea adostu dute. Hirugarrenak hitz egiten jarraitzea dakar honako produktuetan muga-zergak murrizte aldera: produktu kimiko, farmazeutiko, ekipo mediko eta sojan (esportazio horiek nabarmen jaisten ari dira AEBn, hain zuzen, Txinaren aurkako gerra komertzialaren ondorioz). Azkenik, negoziazioa berrabiaraztea ebatzi dute estandar teknikoak eta araudia batzeko, askotan horiek muga-zerga ez-komertzialak bezala aritzen baitira.
(*) Imanol Butron Alonso, Zientzia Politikoetan graduatua Euskal Herriko Unibertsitatean, EiTB-EHU Multimedia Komunikazio Masterreko ikaslea da eta eitb.eus-en dabil praktikak egiten.