Mundua -

NIKARAGUA

Ortegak kolpista izatea egotzi die gotzainei eta autodefentsarako deia egin du

Iraultza sandinistaren 39. urteurrenean indar erakustaldia egin du Nikaraguako presidenteak. Protestak hasi zirenetik gutxienez 277 pertsona hil dira Giza Eskubideen Amerikarteko Batzordearen arabera.

Daniel Ortega Nikaraguako presidentea. Argazkia: EFE
Daniel Ortega Nikaraguako presidentea. Argazkia: EFE
Daniel Ortega Nikaraguako presidentea. Argazkia: EFE

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Daniel Ortega Nikaraguako presidenteak "kolpistak" izatea egotzi die herrialdeko gotzainei, Amerikako Estatuen Erakundeari (OEA) aurre egin dio eta bere jarraitzaileei "autodefentsa"rako deia egin die. Dagoeneko hiru hilabete igaro dira Nikaraguako agintariaren kontrako protestak hasi zirenetik eta Giza Eskubideen Amerikarteko Batzordearen arabera, gutxienez 277 pertsona hil dira.

39 urte bete ditu iraultza sandinistak eta indar erakustaldia egiteko baliatu du Daniel Ortega presidenteak, Managuan ospatu den urteurren ekitaldian. Salatu duenez, barruko eta kanpoko indarrek bultzatutako "konspirazio" baten biktima da. Haren esanetan, "indar horiek" Nikaraguako gotzainen "konplizitatea" dute. Hain zuzen ere, elizgizonak bitartekari lanak egiten ari dira Nikaraguako krisian.

"(Gotzainak) kolpistekin konprometituta daude. Kolpisten planaren parte ziren", adierazi du presidenteak Managuako Fedearen plazan, milaka lagunen aurrean, egin duen agerraldian. "Min ematen dit hau esatea, katolikoa naizelako eta gotzainak asko estimatzen eta errespetatzen ditudalako", nabarmendu du. Ildo horretan, atzera egiteko eskatu die gotzainei.

Halaber, bere hitzaldian Amerikako Estatuen Erakundeari (OEA) desafio egin dio. Izan ere, batzorde iraunkorrak ebazpen bat onartu zuen asteazkenean, Nikaraguari hauteskundeak aurreratzeko eskatuz. "Nikaraguako erabakiak ez dira Washingtonen (OEAren egoitzan) hartzen, Managuan baizik", azpimarratu du.

Bestalde, Giza Eskubideen Amerikarteko Batzordeak egindako kontaketaren arabera, duela hiru hilabete herrialdean protestak hasi zirentik 277 pertsona hil dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Latinoamerika albisteak Nikaragua albisteak