Mundua -

Indarkeria

Monimboko komunitate indigena setiatu du Nikaraguako Gobernuak

Daniel Ortega presidentearen aurkako borrokan sendo agertu den komunitateetako bat da. Masayara doazen errepideak itxi ditu Polizia Nazionalak.

Barrikadak Monimbon (Masaya, Nikaragua). Argazkia: EFE
Barrikadak Monimbon (Masaya, Nikaragua). Argazkia: EFE
Barrikadak Monimbon (Masaya, Nikaragua). Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Monimboko komunitate indigenari eraso egin dio gaur Nikaraguako Gobernuak Masayako hegoaldean. Daniel Ortega presidentearen aurkako borrokan sendo agertu den komunitateetako bat da.

19 de Abril Masaya mugimenduko kideek salatu dutenez, Gobernuaren indarrek Masaya inguratu dute, Managuatik 29 kilometrora, bertako biztanleriari laguntzea eragozteko.

“Guregatik otoitz egin”, eskatu du Yubrank Suazo mugimenduko buruzagiak sare sozialetan. “Setiaturik gaude”, azaldu du erakundeko beste kide batek.

Masayara doazen errepideak hirira iritsi baino 15 kilometro lehenago itxi ditu Polizia Nazionalak.

“Monimbo erasotzen ari dira! Egiaztatze eta Segurtasun Batzordeak sartzeko baimena eskatu du, eta erantzunaren zain dago. Anbulantzientzako eta zaurituentzako korridore humanitarioa eskatu dute. Balak elizara arte heldu dira!”, salatu du Silvio Baez Managuako gotzainaren laguntzaileak Twitter sare sozialean.

Erasoen berri emateko argazkiak, bideoak eta audioak sare sozialetan partekatu dituzte Masayako bizilagunek. Poliziak eta kaputxadun gizon armatuak tiro egiten ikusten dira irudietan, baita makineria astuna manifestarien barrikadak suntsitzen ere.

 

ACNUDH: "Poliziak, eragile armatuek eta beste talde batzuek 'garbiketa operazioak' aurrera eraman dituzte herrialdeko txoko ezberdinetan"

 

“Poliziak, eragile armatuek eta beste talde batzuek 'garbiketa operazioak' aurrera eraman dituzte herrialdeko txoko ezberdinetan, manifestariek eta komunitate lokalek eraikitako barrikadak indarrez kentzeko”, ohartarazi du Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen goi-komisarioak (ACNUDH) ordu batzuk lehenago, Genevan.

Indarkeria are ikaragarriagoa da Gobernuaren aldeko gizon armatuak Poliziaren eta Estatuko agintarien lankidetzarekin ari direlako, babes argiarekin edo isilarekin”, azpimarratu du ACNUDHek.

“Gehienbat gazteen aurka egindako hilketak, exekuzio estrajudizialak, tratu txarrak, torturak eta atxiloketa bidegabeak” leporatu dizkiote Giza Eskubideen Amerika arteko Batzordeak (CIDH) eta ACNUDHek Nikaraguako Gobernuari, baina Exekutiboak ukatu egin ditu.

Ortegaren kontrako protestak apirilaren 18an hasi ziren, gizarte segurantzako erreformen aurka. Agintariaren dimisioa eskatzen ari dira orain, boterean 11 urte eman ondoren, abusu eta ustelkeria egotzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Albisteak Nikaragua