Mundua -
Venezuela
Venezuelako 'preso politikoen' matxinadak bi egun bete ditu
Senitarteko eta eliza katolikoko hainbat kide Venezuelako Inteligentzia Zerbitzuaren egoitzaren kanpoaldean bildu dira presoak aske uzteko eskatuz.
Agentzia | Erredakzioa
Venezuelako Inteligentzia Zerbitzuaren egoitzako ziegetan ('El Helicoide' bezala ezagutzen den eraikina) preso daudenek matxinada abiatu zuten astelehenean euren egoera salatzeko eta Fiskaltzari bitartekaritza eskatzeko. 'Preso politikoen' hitzetan, ziegen "erabateko kontrola" dute duela bi egun.
Delsa Solorzano oposizioko diputatuak 'El Helicoide'n preso dauden 20 bat lagunen bideo bat zabaldu du. Grabazioan Manuel Chacin presoaren ahotsa entzuten da. Dioenez, "eskaera bakar, argi eta atzeraezina dugu: auzia Egiaren Batzordera eramatea nahi dugu". Venezuelako Gobernuak oposizioarekin adostuta duen 'berradiskidetze planaren' baitan Asanblea Konstituziogilean sortutako batzordea da aipatuta.
Chacin 2017ko urrian atxilotu zuten, zazpi agente zauritu zituen leherketarekin zerikusia zuelakoan.
Presoak bideoan adierazi duenez, kartzelatik ateratzeko jakinarazpena jasoa duten presoak daude ziegetan, eta beste batzuk arreta medikua behar dute.
Astelehenean ekin zioten matxinadari, euren egoera salatzeko eta Fiskaltzari bitartekaritza eskatzeko.
Presoen senitartekoak eta oposizioko diputatuak El Helicoideren egoitzaren kanpoaldean bildu dira protesta egiteko. Venezuelako eliza katolikoaren kide batzuk ere batu zaizkie.
Venezuelako Gobernuak ez du adierazpenik egin.
Aurretik ere izan da matxinadarik Caracaseko presondegi horretan. Maiatzaren 16 eta 18 bitartean ere protesta egin zuten presoek, eta ondoren, batzuk askatu zituzten.