Mundua -
Venezuela
Amerikako Estatuen Erakundeak Venezuela zigortzeko prozesua abian jarri du
Erakundeak Venezuelaren aurkako Gutun Demokratikoa abian jartzeko prozesua onartu du eta baliteke Venezuela Amerikako Estatuen Erakundetik kanpo gelditzea.
Agentziak | Erredakzioa
Amerikako Estatuen Erakundeak Venezuelaren aurkako Gutun Demokratikoa abian jartzeko prozesua onartu du Nicolas Maduro eta haren Gobernua zigortzeko eta litekeena da Venezuela Amerikako Estatuen Erakundetik kanpo gelditzea.
Ebazpenak aldeko 19 boto, kontrako 4 eta 11 abstentzio izan ditu Amerikako Estatuen Erakundea Washingtonen egiten ari den 48. Batzar Nagusian, Erakundeak Twitter bidez jakitera eman duenez.
Estatu Batuek, Kanadak, Txilek, Kolonbiak, Mexikok eta Peruk maiatzaren 20an Venezuelan egindako hauteskundeek gardentasun nahikoa ez zutela izan babestu dute eta, ondorioz, Venezuela zigortzeko aldeko botoa eman dute.
Erakundeak aditzera eman duenez, "Venezuelako hauteskundeak ez dira legitimoak izan, alde batetik, nazioarteko gutxienekoak bete ez direlako, eta bestetik, alderdi politiko guztiek ez dutelako horietan parte hartu, eta hortaz, prozesu demokratikoa garatzeko beharrezko bermeak ez direlako eman".
Jorge Arreaza Venezuelako Atzerri Gaietarako ministroak erabakia erabat gaitzetsi du.