Mundua -

ISTILUAK

Unibertsitario baten heriotzak protesta gehiago eragin ditu Bolivian

Gobernutik oposizioaren eta “inperioaren” arteko “konspirazio” bati buruz hitz egiten duten bitartean, manifestariek Gobernuari eta poliziari leporatzen diote errua.

Evo Morales Boliviako presidentea. Argazkia: EFE
Evo Morales Boliviako presidentea. Argazkia: EFE
Evo Morales Boliviako presidentea. Argazkia: EFE

Imanol Butron Alonso (*)

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Protesta-bolada berri bat hasi da Latinoamerikan, oraingo honetan, Bolivian. Jonathan Quispe Vila Gizarte Komunikazioko 20 urteko ikaslearen heriotzak eragin du, beste ikasle batzuekin batera UPEA El Altoko Unibertsitate Publikoko ikasleentzat Zerga Partaidetzaren 195 Legea aldatzea eskatzen ari zela hil baitute. Gobernuak oposizioaren eta “inperioaren” arteko “konspirazio” bat besterik ez dela esaten duen bitartean, manifestariek Gobernuari eta Poliziari leporatzen die errua.

Latinoamerikako tradizio bat balitz bezala, oraingoan erabilitako diskurtsoek Venezuelan, Nikaraguan edo Kuban entzundakoen antza dute berriro. Gobernuak “inperioaren” esku sartzea ikusten duen bitartean, oposizioak eta manifestariek Estatuko segurtasun indarren bortizkeria salatu eta presidentearen dimisioa eskatu dute.

Boliviako Gobernuak El Altoko Unibertsitate Publikoko (UPEA) ikasleak egiten ditu heriotza horren erantzule, eta laguna kristalezko bola batekin hil izana leporatu die. Gainera, “Venezuelakoak bezalako istiluak” bilatzea egotzi dio oposizioari. Carlos Romero Boliviako segurtasunaren arduradun nagusiak esan du Samuel Doria Medina Batasun Nazionaleko (UN) enpresari oposiziogileak eta Soledad Chapetón El Altoko alkateak Gobernuaren ezegonkortasuna bilatzeko erabili dituztela protestak.

Cochabamban egindako ekitaldi publiko batean, Evo Morales presidenteak esan duenez, berak esandakoa “ez da asmakizun bat” eta “inperioa” da horren errudun: “Inperioak kolpea emateko beste modu bat erabiltzen du orain, hildakoak nola edo hala bilatu guri egozteko, eta horrela jendea mugiarazteko”.

Ikasleek eta oposizioak, bere aldetik, ukatu egin dute hori, eta adierazi dute Moralesek bizkarra eman diela eta euren laguna ez zela hil Gobernuak esaten duen moduan. Gainera, Edwin Rodriguez Batasun Nazionaleko senatariak baztertu egin du salaketa, eta suminduta agertu da El Altoko Unibertsitate Publikoko ikasleek jasandako errepresio larriaren aurrean Gobernuak emandako “erantzun inozoa” ikusita.

Besteak beste, El Alto, La Paz, Oruro eta Cochabamba hirietan zabaldu dira protestak, agintean 12 urte eman baditu ere, Evo Moralesek datorren urteko hauteskundeetan berriro presidentegai izateko asmoa iragartzeak protestak ugaritu eta gero.

Bideo berri bat “froga” bezala

Bigarren grabazio bat zabaldu da. Jonathan Quisperentzat laguntza eskatzen dute bertan. Maria Choque Gizarte Komunikazioko ikasleak honakoa idatzi zuen Twitter sarean: “Bideo honetan ikusten denez, UPEAko ikasleek laguntza eskatu zioten Poliziari, eta honek alde egin zuen, Jonathan Quispe Vila bertan utzita”.

 

(*) Imanol Butron Alonso, Zientzia Politikoetan graduatua Euskal Herriko Unibertsitatean, EiTB-EHU Multimedia Komunikazio Masterreko ikaslea da eta eitb.eus-en dabil praktikak egiten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gaurko azken ordukoa Bolivia gaur