Mundua -
Salaketa
Jose Cousoren sendiak Conde-Pumpido salatu du, WikiLeaksen karietara
Idazkiaren arabera, AEBetako Estatuko Departamenduak ezta Espainiako goi-kargudunek ere "ez dute gertakarien egiazkotasuna ukatu".
Erredakzioa
Jose Couso Iraken hildako Telecincoko kamararen anaiak "Estatuko Fiskaltzako funtzionarioak" salatu ditu Madrileko Justizia Auzitegi Gorenaren Fiskaltzan, WikiLeaks azken informazioen karietara.
Salaketaren arabera, "Estatuko Administrazio Zentraleko funtzionarioen zein Espainiako goi-kargudunen eta atzerriko potentzien arteko konspirazioa edo delituzko ituna" egon zitekeen zantzuak atzeman daitezke WikiLeaksen filtrazioetan.
Hain zuzen, Candido Conde-Pumpido Estatuko fiskal nagusia, Javier Zaragoza Auzitegi Nazionaleko fiskal nagusia eta Javier Gomez Bermudez Gai Penaletarako Aretoko presidentea aipatzen dituzte salaketan. Idazkian jasotzen denez, "AEBtako funtzionariek oharrak eta aginduak eman zizkieten Espainiako Gobernuko funtzioak betetzen dituzten funtzionario eta buru politikoei. Horrela, AEBetako interes politikoei men eginez, Botere Judizialaren independentzia eta jarduna oztopatu eta auzi judizial baten instrukzioa eragotzi zuten".
Oraindik, AEBetako Estatuko Departamenduak ezta Espainiako goi-kargudunek ere "ez dute gertakarien egiazkotasuna ukatu". "Argitaratutako informazioa zehaztu dute; euren jardunen erantzukizun penalak ukatu dituzte eta ez diote informazio horri garrantzia eman", gaineratu dute idazkian.