Mundua -
Ekainak 12, Singapur
Ipar Koreako goi kargudun bat AEBrako bidean, batzarraren antolaketa zehazteko
Antza, Kim Yong-chol Mike Pompeo Estatu idazkari estatubatuarrarekin bilduko da bihar, eta baliteke Donald Trumpekin ere egotea.
agentziak | erredakzioa
Kim Yong-chol Ipar Koreako Gobernuko goi kargudun bat AEBrako bidean da ekainak 12an Singapurren egitekoa den bi herrialdeen arteko goi bileraren nondik norakoak zehazteko, Yonhap Hego Koreako albiste agentziak adierazi duenez.
Ipar Koreako alderdi bakarreko Batzorde Nagusiaren presidenteordea Beijingera heldu da gaur, asteartea, eta New Yorkera abiatuko da bihar, Yonhapek dioenez. Antza, Kim Yong-chol Mike Pompeo Estatu idazkari estatubatuarrarekin bilduko da bihar, eta baliteke Donald Trumpekin ere egotea.
Maila horretako kargudun ipar-korear bat AEBra joan zen azken aldia 2000.ean izan zen, Jo Myong-rok militarra Bill Clintonekin bildu zenean.
Kim Yong-chol Fronte Batuaren Departamentuko zuzendari ere bada, eta zeregin handia du Inteligentzian eta Kanpo Arazotarako gaietan. Era berean, nazioarteko zigorrak jaso dituenetako bat ere izan da, baita AEBko Altxorraren Departamentuak jarritakoak ere, Obamaren garaitik.
Agentziaren arabera, Kim eta bere taldea Washingtonera joatekoak ziren, baina azkenik New Yorkerako hegaldia erosi dute, asteazkenerako, 13:00etan (05:00etan, gurean).
Donald Trumpek goi bilera bertan behera utzi zuen arren, atzera egin zuen ondoren, eta mezuak bidali zizkioten elkarri Piongiangek eta Washingonek, AEBko eta Ipar Koreako buruen arteko historiako lehen bilera egiteko itxaropena piztuta mantenduta.