Mundua -
The Sunday Timesen arabera
'Anonymous'ek erasoak iragarri ditu Assange estraditatzen badute
Dagoeneko 35.000 pertsonek deskargatu dute 'Anonymous'en Payback eraso-operazioan parte hartzeko tresna; horietatik 3.000 Erresuma Batuan bizi dira.
Erredakzioa
''Anonymous'' ekintzaileen taldeak Erresuma Batuko sistema judizialari eraso egitearekin mehatxatu du Julian Assange WikiLeakseko sortzailea Suediara estraditatzen badute. Informazioa gaur publikatu du The Sunday Times egunkariak.
Timesen informazioaren arabera, ekintzaileek Prozesamenduen Zerbitzu Publikoaren (CPS, ingelesez) eta estradizioekin zerikusia duten Gobernuaren beste sailetako sistema informatikoei eraso egingo diete Assange australiarra Suediara eramaten badute.
''Anonymous''ek Londreseko Wandsworth espetxeko sistemei ere erasoa egiteko aukera dago. Hori da, hain zuzen, 39 urteko Assange dagoen espetxea, datorren asteartean Londreseko epaitegietara joateko zain.
Sunday Timesen arabera, dagoeneko 35.000 pertsonek deskargatu dute ''Anonymous''en Payback eraso-operazioan parte hartzeko tresna; horietatik 3.000 Erresuma Batuan bizi dira.