Mundua -

Hollywood

Morgan Freeman aktorearen jokabide desegokia salatu dute zortzi emakumek

“Nirekin lan egin edo ezagutzen didan edozeinek badaki nahita mintzen edo besteak gaizki sentiarazten duen norbait ez naizela”, adierazi du aktoreak agiri batean.

Morgan Freeman aktore estatubatuarra. Argazkia: EFE
Morgan Freeman aktore estatubatuarra. Argazkia: EFE
Morgan Freeman aktore estatubatuarra. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zinema industriako zortzi emakumek Morgan Freeman aktore estatubatuarraren jokabide desegokia salatu dute, CNN telebistak eman duen erreportaje batean.

“Nirekin lan egin edo ezagutzen didan edozeinek badaki nahita mintzen edo besteak gaizki sentiarazten duen norbait ez naizela”, adierazi du aktoreak agiri batean. “Deseroso sentitu den edo errespetua falta diotela uste duen nornahiri barkamena eskatzen diot”, erantsi du.

CNNk aipatutako kasuen artean, 2015eko udan Going in Style komedian lanean hasi zen produkzio laguntzaile gazte batena dago. Freeman, Michael Cane eta Alan Arkin protagonista ditu filmak. Ametsetako lana izan behar zenak aktorearen hilabeteetako jazarpenean amaitu zuen.

Bere testigantzan, aktoreak ukituak eta bere gorputzaren zein janzkeraren inguruko komentarioak egunero egiten zituela salatu du emakumeak. Halako batean, Freeman gona altxatzen saiatu zen, azpiko arropa zeraman galdetzen zion bitartean.

Arkinek gelditzeko eskatu zion, eta Freeman zur eta lur utzi zuen, erantzunik gabe, emakumearen ahotan. Zinema industria uztera bultzatu zuen gertatutakoak.

Freeman: "Deseroso sentitu den edo errespetua falta diotela uste duen nornahiri barkamena eskatzen diot"

Now You See Me lapurreten filmean, Freemanek sexu-jazarpena egin ziola salatu du beste emakume batek. Bere gorputzaren inguruko komentario ugari egin zizkiola azaldu du.

Bestalde, 'Junkets' izenekoetan, pelikula bat estreinatu baino lehen komunikabideak artatzeko egunetan, aktorearen komentario desegokiak entzun behar izan zituztela salatu dute entretenimendu munduko hiru kazetarik.

Guztira, zortzi emakumek Freemanen tratua salatu dute sexu-jazarpena egotzita edo, gutxienez, jokabide desegokia, pelikulak saltzeko garaian, filmaketan zein Revelations Entertainment aktorearen produktorean bertan.

Lanpostuak galtzeko beldur, kexak sekula argitara eman ez zituztela ziurtatu dute zortzi testigantzek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Indarkeria matxista Ameriketako Estatu Batuak Gizartea Zinema Albisteak Matxismoa