Mundua -

ABORTUA

Erreferendum eguna izan dute Irlandan, abortuaren legea leundu ala ez erabakitzeko

Boto kontaketa larunbat goizean hasiko da (Irlandan 09:00ak direnean) eta behin-behineko emaitzak larunbat eguerdian ezagutaraziko dira. Behin-betiko emaitzak, ostera, arratsalderako espero dira.

Baiezkoaren aldeko kartelak Dublinen. Argazkia: EFE
Baiezkoaren aldeko kartelak Dublinen. Argazkia: EFE
Abian da abortuari buruzko galdeketa Irlandan

1:21

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru milioi irlandar egon dira botoa ematera deituta ostiral honetan abortuaren legea leundu ala ez erabakitzeko egingo den erreferendumean. Irlandako legedia, hain zuzen ere, Europako murriztaileetakoa da gai horretan.

Indarrean dagoen legedia liberalizatzeko, Konstituzioa erreformatzea onartu dute hautesle irlandarrek, Irish Times egunkariak egindako inkestaren arabera.

Inkesta 4.000 pertsonari egin diete hauteslekuetan. Azterketaren arabera, “ezezkoak” botoen % 32 lortuko lituzke, eta boto-emaileen % 68k Fine Gael alderdi demokristauaren Gobernuko proposamenari babesa eman diote.

Hauteslekuak goizeko zazpietatik gaueko hamarrak arte egon dira zabalik.

Fine Gael alderdi demokristaua buru duen Irlandako Gobernuak Konstituzioko "zortzigarren zuzenketa" ezabatzea proposatu du. Konstituzioko 40.3.3. artikuluan dagoen testu horrek "jaio ez den" horren eta amaren bizitzarako eskubideak parekatzen ditu.

Egun Irlandan indarrean dagoen legediaren arabera, salbuespenezko kasuetan soilik eten daiteke haurdunaldia. Adibidez, amaren bizitza arriskuan dagoenean, suizidio arriskua kasu. Aitzitik, malformazio kasuetan edo haurdunaldia intzestu edo bortxaketa baten ondorio den kasuetan ere ezin da abortatu.

Leo Varadkar Irlandako lehen ministroak azpimarratu duenez, ostera, egungo legeak ez du funtzionatzen eta adibide gisa jarri du urtero milaka emakume joaten direla atzerrira euren haurdunaldia etetera.

Lehen ministro kontserbadoreak 39 urte ditu eta medikua da lanbidez. Egungo legediak jasotzen ez dituen kasuetan abortatzen duen emakumeak eta horretan laguntzen dion medikuak 14 urteko kartzela zigorra jaso dezake gaur egun Irlandan eta lehen ministroaren esanetan, bidegabea da. Gobernuak, oposizioko talde nagusiek, giza eskubideen aldeko taldeek eta medikuen kolektibo gehienek baiezko botoa eskatu dute. Beste aldean, Eliza Katolikoa eta bizitzaren aldeko mugimenduak legea moldatzearen kontra agertu dira.

Oraindik guztiz erabakitzeko badago ere, "zortzigarren zuzenketa" desagertuko balitz, abortuaren legea leuntzeko asmoa du Osasun Ministerioak. Hala, haurdunaldiaren lehen hamabi asteetan abortatu ahal izango litzateke, legez eta edozein kasutan. Halaber, salbuespenezko kasuetan 24 astera arte eten ahalko litzateke haurdunaldia.

Boto kontaketa larunbat goizean hasiko da (Irlandan 09:00ak direnean) eta behin-behineko emaitzak larunbat eguerdian ezagutaraziko dira. Behin-betiko emaitzak, ostera, arratsalderako espero dira.

Abortuari buruz Irlandan 35 urtean egiten den seigarren erreferenduma da.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Abortua azken albisteak Munduko albisteak 2024 Europa bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Irlanda albisteak