Mundua -

Ekitaldia Oslon

Nobel sari bat hartzailerik gabe

Nobel sariak emateko ekitaldia izan zen atzo arratsaldean Oslon, baina Bakearen Nobel sariduna, Liu Xiaobo disidente txinarra, ezingo zen joan, kartzelatuta baitago.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aulki huts batek ordezkatu du Bakearen Nobel Saria-ren azken irabazlea, Liu Xiaobo disidente txinatarra, golardoak emateko atzo arratsaldean Oslon (Norvegia) izan zen ekitaldian.

Bien bitartean, gainera, Txinak areagotu egin du presioa, Xiaoboren oihartzuna isilarazteko. Nobel Batzordea gaitzetsi du, hainbat webgune eta hedabide zentsuratu ditu eta disidenteen eta haren senideen aurkako jazarpena zorroztu du.

Liu Xiaoboren emaztea, Liu Xia, adibidez, etxean atxilotuta daukate, eta Polizia eraikina behatzen ari da.

Halaber, Txinako Gobernuari erreforma demokratikoak abiatzeko eskatzeko adierazpenaren beste sinatzaile bat, Zhang Zuhua ekintzailea, atxilotu egin dute, eta une honetan ez daki inork non daukaten. Xiaobo adierazpen horren sustatzaileetako bat izan zen, eta horrek 11 urteko espetxe zigorra ekarri zion.

Zuhua etxera bidean zegoen, eta une horretan agente batzuk gerturatu eta ibilgailu batean sartzera behartu zuten.

Bestalde, EFEk baieztatu ahal izan duenez, Txinako agintariek galarazi egin dute hainbat webguneren sarbidea, tartean Nobel Batzordearena (nobelprize.org), NRK norvegiar telebista-katearena eta BBCrena.

18 herrialdek muzin egingo diote ekitaldiari

Pekinen presioak hainbat herrialdetara ere zabaldu dira, eta ondorioz, Oslon enbaxada duten 65 herrialdeetako 18k uko egin diote gaurko ekitaldira joateari.

Hain zuzen ere, honakoak dira herrialde boikotatzaileak: Errusia, Kazajistan, Kolonbia, Tunez, Saudi Arabia, Pakistan, Serbia, Irak, Iran, Vietnam, Afganistan, Venezuela, Filipinak, Egipto, Sudan, Ukraina, Kuba eta Maroko. Hasieran Serbia ere zegoen zerrenda horretan, baina azken orduan joatea erabaki du.

Horietako gehienek harreman komertzial handia daukate Txinarekin, baina beste asko Mendebaldearen aurkakoak dira.

Halaber, Txinako agintariek beste sari bat sortu dute, Nobelen alternatiba izan dadin: Bakearen Konfuzio Saria.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea