Mundua -
Datuen filtrazio masiboa
Zuckerbergek azalpenak emango ditu Europako Parlamentuan
Europako herritarrek “azalpen oso eta zehatza merezi” dutela esan du Antonio Tajani Europako Parlamentuko presidenteak.
Agentziak | Erredakzioa
Cambridge Analytica enpresari egindako filtrazio masiboak hautsak harrotu zituen. Mark Zuckerberg Facebookeko fundatzaileak aurki agerraldia egingo du Europako Parlamentuan, erabiltzaileen datu pertsonalen erabileraren inguruan hitz egiteko, Antonio Tajani Euroganberako presidenteak gaur jakitera eman duenez.
“Gure gonbidapena onartu du Facebookeko sortzaile eta kontseilari delegatuak, eta lehenbailehen Bruselan izango da, datorren astean espero dugu; talde politikoetako buruzagiekin, presidentearekin eta Justizia eta Askatasun Zibilen batzordeko txostengilearekin bilduko da”, azaldu du Tajanik agiri batean.
Tajaniren hitzetan, Europako herritarrek “azalpen oso eta zehatz bat merezi” dute. Facebookeko sortzailea parlamentarien aurrean azalpenak emateko prest agertzea “konfiantza berreskuratzeko, norabide egokian pauso bat da”, azpimarratu duenez.
Facebookekin eta beste eragile kaltedun batzuekin agerraldi bat antolatzea erabaki du Europako Parlamentuaren presidenteen konferentziak. Horrela, Askatasuneko batzordeko eta Parlamentuko beste batzorde batzuetako eurodiputatuek “datu pertsonalen babeserako alderdiak sakonean aztertzeko” aukera izango dute.
Bereziki “Europako hauteskunde prozesuetan izan dezakeen eraginari garrantzia emango diote”, Tajanik nabarmendu duenez.
Euroganberaren lehentasuna merkatu digitalaren funtzionamendu zuzena bermatzea dela azpimarratu du Europako Parlamentuko presidenteak. Datu pertsonalen babes handia, egile-eskubideen inguruko arau eraginkorrak eta kontsumitzaileen eskubideen babesa aipatu ditu Tajanik.
“Argitaratzen dituzten edukien gaineko erantzukizuna izan behar dute Interneteko erraldoiak”, albiste faltsuak eta legez kanpokoak diren edukiak barne, Tajanik adierazi duenez.