Mundua -

ANALISIA

Putin, 18 urte boterean

Josiv Stalinen ondotik, Errusian agintean denbora gehien eman duen politikaria izango da Putin bere laugarren agintaldia bukatzen duenean.

Vladimir Putin Errusiako presidentea. Argazkia: EFE
Vladimir Putin Errusiako presidentea. Argazkia: EFE
Vladimir Putin Errusiako presidentea. Argazkia: EFE

Imanol Butron Alonso (*)

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Vladimir Putinek Errusiako presidente karguaren zina egin du astelehen honetan. Laugarren agintaldia du honakoa, eta beste sei urtez egongo da boterean martxoaren 18an egin ziren hauteskundeak nagusitasunez (% 76,69) irabazi ondoren. Josiv Stalinen ondotik, Errusian agintean denbora gehien eman duen politikaria izango da Putin bere laugarren agintaldia bukatzen duenean.

1999ko abuztuaren 16an Errusiar Federazioko behe ganberak, Dumak, Putin presidente izendatzea baietsi zuen. 2000 eta 2008 bitartean presidente bezala eman zituen lehen bi agintaldiak urte onak izan ziren Putinentzat eta Errusiarentzat. Presidenteak petrolioan eta gasean oinarritutako ekonomia bultzatu zuen prezioek gora egin zuten sasoi horretan. Emaitza on horiek presidentearen onarpena haztea eragin zuten, eta 2004an berriro izendatu zuten presidente, botoen % 72 lortuta.

Onarpen maila hori izan arren, Putinek ezin izan zuen hirugarren berrautaketa batera aurkeztu Errusiako Konstituzioak ezartzen duelako presidentearen agintaldia 6 urtekoa izango dela, eta beste behin bakarrik hautatu ahal dutelako jarraian. Beraz, Putinen jarraitutasuna ulertzeko, “jarraian” hitza oso kontuan izan behar da.

Berriro ere aukeratu ezin zutenez, buruzagiak tandem bat egitea pentsatu zuen, eta Medvedev (gaur egungo lehen ministroa) aukeratu zuen presidenterako hautagai. Hori egin ondoren, Medvedevek Putin izendatu zuen lehen ministro. Horrela, boterea partekatu zuten, Putinek presidenterako hautagai gisa berriro aurkezteko aukera izan arte.

4 urte horietan, Medvedevek Konstituzioa aldatu, eta presidentearen agintaldia 6 urtera luzatu zuen. Horretarako, Errusia Batua alderdiak guztiz kontrolatzen zuen Dumaren konplizitatea izan zuen.

Azkenik, 2012. urtean, Putin presidenterako hautagai gisa aurkeztu zen berriro hauteskundeetara, eta botoen % 60tik gora jaso zituen. Hala ere, nazioartea eta Errusiako oposizioa agintariaren aurka azaldu ziren, hauteskunde horietan irregulartasun ugari izan zirela iritzita.

1.200 atxilotu baino gehiago

2012an bezala garaipen sendoa lortu arren, larunbatean, inbestidurarako bi egun falta zirenean, oposizioa kalera atera zen Putinen aurka. “Putin lapurra da!”; “Errusia Putin barik!” eta “Ez zaitugu aukeratu!” lelo artean, Alekséi Navalny oposizioko kide gaitasungabetuaren milaka jarraitzaile presidente hautatu berriaren, agintarien eta Errusian Interneten dagoen zentsuraren aurka agertu ziren Moskuko Pushkin plazan eta Errusiako beste hainbat hiritan.

Moskuko manifestazioa tentsio handi baten erdian egin zen, bertan protestan bildu ziren manifestariek Gobernuaren aldeko aktibistak izan zituztelako aurrez aurre. 2012ko manifestazioetan bezala, Poliziak oposizioko liderra jendetza artetik atera, eta preso eraman zuen. OVD gobernuz kanpoko erakundearen arabera, mila manifestari baino gehiago atxilotu zituzten egun horretan.

2024rako erronka

Vladimir Putinen laugarren agintaldi honetarako erronka nagusia herrialdea sufritzen ari den arazo ekonomikoetatik ateratzea izango da. Horrez gain, herrialdearen norabidea gidatuko duen ordezko bat aukeratu beharko du edo beste azpijokoren bat pentsatu beharko du 2024tik aurrera presidente izaten jarraitu ahal izateko, hauteskundeak egin aurretik Konstituzioa aldatzeko aukera baztertu zuen arren.

 

(*) Imanol Butron Alonso, Zientzia Politikoetan graduatua Euskal Herriko Unibertsitatean, EiTB-EHU Multimedia Komunikazio Masterreko ikaslea da eta eitb.eus-en dabil praktikak egiten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Errusia Vladímir Putin bideoak Gaurko azken ordukoa