Mundua -
Enbaxadak Madril eta Caracasen
Harreman diplomatikoak normaltzea adostu dute Espainiak eta Venezuelak
Madurok erabakia eta enbaxadoreen itzulera "errespetuan, elkarrizketan" eta komunikazioan oinarritu izana txalotu du. Datozen egunetan gauzatuko da erabakia.
agentziak
Espainiak eta Venezuelak harreman diplomatikoak berrabiaraztea adostu dute, asteazkenean ohar baten bidez zabaldu zutenez. Harreman etenda zegoen urtarriletik, Madril eta Caracasetik enbaxadoreak kanporatu ostean.
Kanpo Arazoetarako ministerioek oharrean adierazi dutenaren arabera, harreman diplomatikoak berrabiarazteak "herritarri mesede" egingo die, "mantendu behar diren lotura estuak baitituzte".
Fernando Garcia Casas Nazioarteko eta Iberoamerikarako eta Kariberako Kooperazio Estatu idazkaria Yvan Gil Venezuelako ministrordearekin bildu eta astebetera iragarri dute neurria, "aldebiko elkarrizketa normaltasunera" itzularazteko, bi herrialdeen arteko "desadostasunak" gorabehera.
Madurok erabakia eta enbaxadoreen itzulera "errespetuan, elkarrizketan" eta komunikazioan oinarritu izana txalotu du.
"Harremanak berrabiarazi eta normaltasunera itzularazteko -erabakia- iragarri dugu, eta errespetuan, elkarrizketan eta komunikazioan oinarrituta dago", esan du presidenteak Facebooken egindako emisio batean.
Alfonso Dastis Kanpo Arazoetarako ministroaren esanetan, "Espainia eta Venezuelako enbaxadoreen itzulera datozen egunetan izango da", Jorge Arreaza ministro venezuelarrarekin hala adostu ondoren.