Mundua -
Krisi militarra
'Errukirik gabe' eraso egingo duela mehatxu egin dio Seuli Ipar Koreak
Bestalde, probokazio berri baten zantzuak antzematen baldin badituzte Ipar Koreak kostaldean dituen misil baseei eraso egiteko agindua eman du Hego Koreako presidenteak.
Erredakzioa
Hego Koreako indarrak Ipar Koreako uretan "milimetro bakarra" sartzen baldin badira "errukirik gabe" eraso egingo duela mehatxu egin dio Seuli Piongiangek, KCNA Ipar Koreako albiste-agentzia ofizialak jakitera eman duenez.
Seul Itsaso Horian egiten ari zen maniobren aurka egindako erasoa "neurri militar irmoa" dela azaldu du Ipar Koreako Komando Militarrak KCNA albiste-agentziaren bidez. Maniobra horietan 70.000 soldadu parte hartzen ari ziren zonatik gertu.
Gainera, maniobrek jarraitzen badute "errukirik gabe" eraso egingo duela mehatxu egin dio Seuli Piongiangek. Hego Koreako indarrak Ipar Koreako uretan "0,0001 milimetro soilik sartzen badira ere" berriz erasotzen zalantzarik izango ez dutela gaineratu du.
Bestalde, zirikatze berri baten zantzuak antzematen baldin badituzte Ipar Koreak kostaldean dituen misil baseei eraso egiteko agindua eman du Lee Myung-bak Hego Koreako presidenteak.
Bonbardaketa
Ipar Koreak Hego Koreako uharte bat bonbardatu du artilleria erabiliz, YTN telebista kateak jakitera eman duenez.
Koreako gerratik (1950-1953) izan den krisi militarrik latzena bizi dute Asia ipar-ekialdean. 200dik gora tiro bota omen dituzte uharte hego korearraren kontra eta bertako soldadu bat hil dute. Zaurituak dozenaka omen dira eta 60 edo 70 eraikin inguru suak kiskali ditu, aipatu iturriek zehaztu dutenez. Agintariak herritarrak ebakuatzen ari dira, arrantza-ontziak erabiliz.
Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak erasoa gaitzetsi du, eta horrela jakinarazi dio Segurtasun Kontseiluari, baina astearteko bileran ez dute gai hori jorratuko.
Bien bitartean, bi Koreek elkarri egotzi diete gertatutakoa hasi izana.
Nazioarteko erreakzioakIpar Korearen erasoak beldurra hedatu du berriz nazioartean, bi Koreen arteko gatazka munduko zaharrenetakoa baita, eta une oro tentsioan baitaude.
AEBek "irmo" gaitzetsi dute bonbardaketa, eta "jarrera erasokorra" aldatzeko exijitu dio Piongiangi.
Txinako Gobernuak iragarri du gertatutakoa aztertzen ari dela, baina kezkatuta agertu da eta bakearen eta egonkortasunaren alde lan egiteko eskatu die bi aldeei.
Errusiako Atzerri Ministerioak esan du erasoa "guztiz onartezina" dela, eta horren ondorioz "gatazka armatua" ez hastea garrantzitsua dela azpimarratu du.
Naoto Kan Japoniako lehen ministroak larrialdiko bilera deitu du segurtasun gaietako ministroekin, eta herrialdeak edozein egoerari aurre egiteko prestatu beharra duela esan du.