Mundua -
Skripal auzia
Errusiak AEBko 60 diplomatiko kanporatuko ditu
Horrez gain, Kremlinak iragarri du San Petersburgoko kontsulatu estatubatuarra ixteko erabakia hartu duela.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Errusiak jakinarazi du Ameriketako Estatu Batuetako 60 diplomatiko kanporatuko dituela, AEBk diplomatiko errusiarrekin gauza bera egiteko astelehenean hartu zuen erabakiari erantzunez.
Era berean, Kremlinak iragarri du AEBk San Petersburgon duen kontsulatua ixteko agindua eman duela.
Errusiako Atzerri Ministerioak ohar bidez azaldu duenez, AEBko diplomatikoak 'persona non grata' izendatu dituzte eta apirilaren 5a arteko epea eman diete Errusiatik alde egiteko.
Martxo hasieran, Salisburyn (Erresuma Batua), Serguei Skripal espioi ohia hiltzen saiatu ziren, pozoituta. Erresuma Batuak Errusiari leporatzen dio hilketa-saiakera hura. Kremlinak, berriz, gertakari horrekin inolako loturarik ez duela azpimarratu behin eta berriro.
Nolanahi ere, Estatu Batuek eta Europar Batasuneko 20 bat herrialdek Erresuma Batuarekin bat egin dute eta joan den astelehenean diplomatiko errusiarrak euren herrialdeetatik kanporatzeko erabakia hartu zutela jakinarazi zuten.
Errusiak erasotzat jo zuen erabakia eta herrialde horiei guztiei egoerak eskatzen zuen moduko erantzuna emango ziela ohartarazi zuen.