Mundua -

Krisi militarra

Ipar Koreak uharte hegokorear bat bonbardatu du

- Hego Koreako bi soldadu hil dira eta hamarka zauritu.

- Seulek eta Piongiangek elkarri egotzi diete gertatutakoa hasi izana.

- Ban Ki-moonek erasoa gaitzetsi du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ipar Koreak Hego Koreako uharte bat bonbardatu du artilleria erabiliz, YTN telebista kateak jakitera eman duenez.

Koreako gerratik (1950-1953) izan den krisi militarrik latzena bizi dute Asia ipar-ekialdean. 200dik gora tiro bota omen dituzte uharte hego korearraren kontra eta bertako soldadu bat hil dute. Zaurituak dozenaka omen dira eta 60 edo 70 eraikin inguru suak kiskali ditu, aipatu iturriek zehaztu dutenez. Agintariak herritarrak ebakuatzen ari dira, arrantza-ontziak erabiliz.

Bai Lee Myung-bak Hego Koreako presidenteak bai Txinako Gobernuak, Ipar Korearen aliatu nagusiak, lasaitasunerako deia zabaldu dute. Hego Koreako Atzerri Gaietarako ministroak, berriz, erasoa Nazio Batuen Erakundean salatzea aztertzen ari direla azaldu du.

Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak erasoa gaitzetsi du, eta horrela jakinarazi dio Segurtasun Kontseiluari, baina astearteko bileran ez dute gai hori jorratuko.

Bien bitartean, bi Koreek elkarri egotzi diete gertatutakoa hasi izana.

Hori horrela, Hego Koreako Gobernuak esan du gertatutakoa "probokazio militar argia" izan dela, eta errepikatzen bada erantzun "zorrotza" emango duela ohartarazi du.

Bere aldetik, Piongiangek ziurtatu du Hego Korea hasi zela tiro egiten, eta ondorioz "ekintza militar handia" abiatu behar izan duela.

Hego Koreako indarrak Ipar Koreako uretan "milimetro bakar bat ere" sartzen badira, "gupida barik" eraso gehiago egingo dituela mehatxu egin du.

Hain justu, Hego Koreako soldaduak irlatik gertuko uretan ohiko maniobrak egiten ari zirenean izan da erasoa. Gainera, azken egunotan Piongiangen kontrako kritikak ugaritu egin dira programa nuklearraren harira, uranioa aberasten ari dela salatu dute-eta zenbait herrialdek.

Seulek susmoa du erasoa ariketa horiei erantzute aldera egin dutela, zeren Piongianen protesta gutuna jaso baitzuten 70.000 inguru soldaduk parte hartu zuten maniobrak salatzeko.

Hego Koreako Armadaren iturriak aipatuta Yonhap albiste-agentziak zehaztu duenez, Euskal Herrian 06:25 zirenean gertatu da erasoa, Yeongpyeong irlan.

Seuleko Armadak tiroekin erantzun dio Ipar Koreari. Gerra hegazkinak aireratu ditu eta alerta maila gorenera igo du, Hego Koreako Armadaren Estatu Nagusiaren bozeramaileak azaldu duenez.

Erasoa jasan duen uhartea bi Koreak zatitzen dituen itsasoko mugatik oso gertu dago, Itsaso Horian.

&' || 'nbsp;

Nazioarteko erreakzioak

Ipar Korearen erasoak beldurra hedatu du berriz nazioartean, bi Koreen arteko gatazka munduko zaharrenetakoa baita, eta une oro tentsioan baitaude.

AEBek "irmo" gaitzetsi dute bonbardaketa, eta "jarrera erasokorra" aldatzeko exijitu dio Piongiangi.

Txinako Gobernuak iragarri du gertatutakoa aztertzen ari dela, baina kezkatuta agertu da eta bakearen eta egonkortasunaren alde lan egiteko eskatu die bi aldeei.

Errusiako Atzerri Ministerioak esan du erasoa "guztiz onartezina" dela, eta horren ondorioz "gatazka armatua" ez hastea garrantzitsua dela azpimarratu du.

Naoto Kan Japoniako lehen ministroak larrialdiko bilera deitu du segurtasun gaietako ministroekin, eta herrialdeak edozein egoerari aurre egiteko prestatu beharra duela esan du.

Ipar Korearen Armada, beldurgarria

Militar gehien duen estatuetako bat da Ipar Korea: 1,19 milioi soldadu eta 7,7 milioi erreserbista ditu 23,4 milioi biztanle dituen herrialdeak.

Hego Koreak, bestalde, 655.000 soldadu ditu lanean eta 3 milioi erreserban. AEBek 28.000 soldadu dituzte bertan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea