Mundua -

Hauteskundeak

Hauteskundeak egiten ari dira Egipton, Al Sisi faborito nagusia dela

Abdelfatá al Sisi egungo presidentea da faborito nagusia. Aurrean aurkari bakarra izango du: Musa Mustafa Musa. Orain arte Al Sisi babestu du, hautagaitza propioa aurkeztu arte.

Emakume batek boza ematen du Egipton. Argazkia: EFE.
Emakume batek boza ematen du Egipton.
Boto-kutxak ez dira asteazkenera arte itxiko Egipton

1:21

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egipton bizi diren egiptoarrek hauteskunde presidentzialetan bozkatzeko prozesua abiatu dute astelehen honetan. Abdelfatá al Sisi egungo presidentea da faborito nagusia; izan ere, aurrean izango duen aurkari bakarra Musa Mostafa Musa da, orain arte alde izan duen ordezkaria.

59 milioi egiptoar baino gehiagok eman ahal izango dute botoa hauteskundeetan, martxoaren 26tik 29ra. Atzerrian bizi diren egiptoarrek martxoaren 16tik 18ra bozkatu zuten. Aurreikusitakoaren arabera, ez da bigarren itzulirik egongo.

Lehen aldiz herrialdeko hauteskunde prozesu bat kudeatuko duen Hauteskundeetako Agintaritza Nazionalak (NEC) Al Sisiren eta Musa Mostafá Musaren (Ghas alderdiaren buruzagia) hautagaitzak soilik onartu ditu. Oposizioak, bere aldetik, egungo presidenteari aurre egingo lioketeen hautagaitzak mugatu egin direla salatu du.

NEC erakudendeak, aldiz, prozesua askea eta bidezkoa izango dela azpimarratu du, eta gauza bera adierazi du Al Sisik kanpainan. Hauteskundeetan lehia izango dela ere erakutsi nahi izan du, herritarren presidentea hautatzeko aukera dutela helarazteaz gain. Al Sisik orain dela gutxi baieztatu duenez, Presidentziarako hautagai gehiago egotea nahiko luke eta egoera "ez da bere errua".

Al Sisik 2014an lortu zuen presidente izatea, botoen % 97 lortuta. Urtebete lehenago, orduan presidentea zen Mohamed Mursiren aurkako estatu kolpe militarra gidatu zuen, Armadako buru zela.

Hautagaiak

Terrorismoaren aurkako borrokan eta herrialdeko ekonomiaren hobekuntzan oinarritutako hitzaldia eginez aurkeztu da Al Sisi. 2011n Hosni Mubaraken aurkako iraultza egin zenez gero turismoak behera egin du, eta atentatuek gora.

Aurrean ustekabean aurkeztutako Musa hautagaia egongo da. Al Sisiren aldeko ekitaldiak antolatzen ibili da orain arte, hautagai bakarra ez egotearen argudioa defendatuta. Musak irabazi egin nahi duela nabarmendu du, ez delako soilik prozesuari lehiakortasuna emateko aurkeztu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eguneko albisteak Egipto gaur Hauteskundeak gaur Ekialde Hurbila